Ostegunean abiatuko dituzte Getariako San Prudentzio auzoko jaiak. Igande goiz-eguerdi parterako egitarau osatua prestatu dute, adin guztietako herritarrek izango dute zeregina bertan.
San Prudentzio jaiak ospatuko dituzte ostegunetik aurrera Getariako San Prudentzio auzoan. Ilusioz prestatu dituzte aurten ere jaiak auzotarrek, eta inguruko herritarrak San Prudentzion bildu eta ekintza desberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Ostegunean izango da San Prudentzio Eguna, baina astebururako prestatu du festa batzordeak egitarau zabalena.Iazko arrakasta ikusita, larunbaterako Bertso Afaria antolatu dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten Arkaitz Estiballez eta Fredi Paia arituko dira bertsotan, «beraz maila handia eta saltsa ziurtatuta egongo da». Gai jartzaile lanetan Uxune Areizaga getariarrak jardungo du. Bertso afaria borobiltzeko Fun and Go taldearekin erromeria antolatu dute ondoren; goizaldera arte iraungo du festak.
San Prudentzio jaietako Bertso Afarian parte hartu nahi dutenek txartelak salgai dituzte 15 euroren truke, Getariako Harritarte dendan. Menua honakoa da: zurrukutuna, zikiroa burduntzian erreta, eta gazta eta menbrilloa.
Bestalde, igandean goiz eguerdi partean ere izango da festa San Prudentzio auzoan.