86 bikotek parte hartuko dute aurten XIX. Salbatore Pilota Txapelketan

Getariako Hitza 2016ko apirilaren 21a

Salbatore Pilota Txapelketaren aurkezpena Getariako frontoian. (Aiora Larrañaga/Hitza) Atzo eguerdian XIX Salbatore Txapelketa aurkeztu zuten Getariako pilotalekuan. 86 bikotek parte hartuko dute aurten norgehiagokan, iaz baino gutxiagok. Dena dela, Segundo Alkorta Gure Txeru Pilota elkarteko lehendakariak «gogoz» ikusten ditu gazteak: «Pilotari gazteak partidak jokatzeko irrikaz daude, partida gutxi dituztelako. Uste dugu bikote gutxiagok izena eman dutela, alde batetik beste urtetan parte hartu duten zenbait bikotek 22 urte baino gehiago dituztelako, eta gaztetxo gutxiagok izena eman dutelako». Hala ere, antolatzaileak izena eman duten bikote kopuruarekin «gustura» daude, 80 bikote inguruko txapelketa hobeto gidatzen dela uste baitute. «Izan genuen urteren bat 120 bikote inguruk izena eman zutena eta azken hilabetean astean lan egunetan partidak jarri behar izan genituen». Hiru mailatan banatuta egongo da txapelketa: kadeteak, jubenilak eta 22 azpikoak. Maiatzean astean bi egunetan izango dira partidak, eta ekainean eta uztailean hiru egunetan, astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan. Finala, berriz, abuztuan izango da, Salbatore egunean. Hasiera batean, Getariako pilotalekuan jokatuko dira partida guztiak 19:00etatik aurrera, eta eguraldi txarra egingo balu Sahatsaga kiroldegiko pilotalekuan jokatzea izango da alternatiba. Txoko askotako pilotariak Euskal Herriko txoko desberdinetatik iritsitako pilotariak elkarren aurka jokatuko dute datozen hilabeteetan Getarian: «Aurten berriz ere iparraldetik hiru bikote etorriko zaizkigu, baita Errioxakoren bat ere». Antolatzaileen esanetan «polita da» ikustea pilotari gazteen artean txapelketak izen ona duela. «Izan ere, gutxi dira gazteen arteko norgehiagokak antolatzen dituzten txapelketak. Txapelketak badaude, baina jokalari onenak biltzen dituzte, eta gainontzekoak jokatzeko aukerarik gabe geratzen dira. Horregatik du Salbatore Txapelketak erantzun ona, guk hemen denak onartzen ditugulako». Kirol arloan ez ezik, txapelketak herrian giro bikaina jartzen duela uste du Nika Lertxundi Getariako alkateak: «Gainera, bisitariak etortzen direnean harrituta geratzen dira txapelketak sortzen duen ikusmina eta giroarekin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide