Elkarretaratzea egin zuten atzo Getarian. (Aiora Larrañaga)
Astearte arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Getarian Gipuzkoako Foru Aldundiak Diru Sarrerak Bermatzeko laguntza kendu ez dezan eskatzeko. Bertan Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideek azalpenak eman zituzten, eta herritarren kezkei erantzun zieten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak EH Bildu gobernuan zela 2012ko uztailean sortu zuen laguntza, Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratu ahal izateko errolda denbora igo zuenean; urte betetik hiru urtera pasa zen, eta hainbat pertsona babes sistematik kanpo geratu zirenez, Gipuzkoan bizi zirenentzat laguntza sortu zuen. "Laguntzak izaera unibertsala du, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago, nongoa den begiratu gabe" azaldu dute. Ildo horretan, foru aldundiak diru laguntza bertan behera uzteko hartu duen erabakia "atzera pausoa" dela, eta diskurtsoa "elkartasunaren aurkakoa" dela uste dute.
Horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiari exijitu zioten "etekin ekonomikoen gainetik pertsonengan pentsatzeko, eta laguntza sozialetan ezarritako murrizketak indargatzeko".