Getariako Eskubide Sozialen Kartak deituta elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Getariako plazan, Diru sarrerak Bermatzeko laguntza kenduko dutela salatzeko. Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dute, pasa den agintaldian abiatu zuten laguntzak «migrazio isuri artifiziala» eragin duela lurraldean, eta «onuradunak gizarteratzen laguntzeko zuen hasierako helburua ez dela bete».
Erabaki horren aurrean Getariako Eskubide Sozialen kartak bere desadostasuna agertu nahi du, eta adierazi du «murrizketa horrek beste behin ere familiarik ahulenak bazterrean utziko dituela. Erabakiak zuzen-zuzenean eragingo die. 1.422 familiei, tartean 700 haurri». Horregatik, uste dute erabakia gelditu ezean Gipuzkoan pobrezia areagotuko dela, eta «horrekin batera pertsonen eta familien arteko desberdintasuna».
Gainera, Getariako taldeak adierazi du «diputazioak atzerritarren presentziaren inguruan eginiko irakurketak elkartasunaren aurkakoak direla».