Elkarretaratzea Getariako Eskubide Sozialen Kartak antolatu du, eta asteartean 19:00etan Getariako plazan biltzera deitu ditu getariarrak. Izan ere, astean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza kenduko duela; uztailaren 1etik aurrera ez du eskaera berririk onartuko, eta 2018ko abenduaren 31n desagertu egingo da. Foru Aldunditik azaldu dute, pasa den agintaldian abiatu zuten laguntzak "migrazio isuri artifiziala" eragin duela lurraldean, eta "onuradunak gizarteratzen laguntzeko zuen hasierako helburua ez dela bete". Erabaki horren aurrean Getariako Eskubide Sozialen kartak bere desadostasuna agertu nahi du, eta adierazi du "murrizketa horrek beste behin ere familiarik ahulenak bazterrean utziko dituela. Erabakiak zuzen-zuzenean eragingo die 1422 familiei, tartean 700 haurri". Horregatik, uste dute erabakia gelditu ezean Gipuzkoan "pobrezia areagotuko" dela, eta "horrekin batera pertsonen eta familien arteko desberdintasuna".
Horretaz gain, salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak murrizketak egiten dituen bitartean, "aberatsei zergak jaisten" ari deala. "Gasteizen Javier Marotok egin bezala, diputazioak atzerritarren presentziaren inguruan eginiko irakurketak elkartasunaren aurkakoak direla".