Klimaren aldaketa ekiditeko lanean jarraituko dute Getarian

A. Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 7a

Getariako Eskubide Sozialen Kartak Goienerrekin elkarlanean martxoan zehar klimaren aldaketaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen. Apirilaren 1ean, pasa den ostiralean, egin zuten azken saioa eta antolatzaileak «oso gustura» daude egitasmoak herr...

Getariako Eskubide Sozialen Kartak Goienerrekin elkarlanean martxoan zehar klimaren aldaketaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen. Apirilaren 1ean, pasa den ostiralean, egin zuten azken saioa eta antolatzaileak «oso gustura» daude egitasmoak herritarren artean izan duen erantzunarekin. Jardunaldien sustatzaileen iritziz jende kopuru «polita» bildu da saio guztietan, «eta adin eta ikuspegi desberdinetako herritarrek parte hartu dute gainera», azaldu dute Getariako Eskubide Sozialen Kartatik.

Dena dela, nabarmendu dute herritar sektore baten presentzia «faltan bota» dutela, eta horrek aurrera begira lanean jarraitzeko beharra dagoela erakutsi die antolatzaileei: «Herritar esparru zabalagoak eta erakundeek klimaren aldaketa ekiditeko aldaketaren bidean parte hartzea nahi dugu».

Jendarte aktiboa

Martxoan zehar antolatutako hainbat saioren bidez, klimaren aldaketaren inguruko azalpen osatua jasotzeko aukera izan zuten jardunaldietan parte hartu zuten getariarrek. «Egoeraren larritasunaz jabetzeko parada izan dugu, eta gaur egungo energi politikak, TTIP-a, sistema ekonomikoa eta klimaren aldaketa eskutik lotuta doazen errealitateak direla argi ikusi da». Ildo horretan, Ainhoa Iraolak azaldu zuen moduan, «lehenago eta beranduago aldaketa egongo da, kontua da aldaketa hori guk kudeatzen dugun, edo egoerak behartuta ematen den». Horregatik, herritarrak gaiarekiko kontzientziatuta egotea guztiz beharrezkoa dela uste dute Getariako Eskubide Sozialen Kartakoek. Iñaki Antiguedadek esaterako. «jendarte aktiboaz» hitz egin zuen, «aldaketarako esperantza iturri bezala».

Jendarte aktiboaren ildotik herritarrek kontsumo ohiturak aldatuz inguruan izan dezaketen eragin baikorra nabarmedu zuten egin berri dituzten jardunaldietan.

Eskubide sozialen kartak eskerrak eman dizkiete saioetan parte hartu duten herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide