Parpaila ere Balentziagaren ikur

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 6a

Cristobal Balentziagaren jantzietan parpailak presentzia handia izan zuen; «getariarrak parpaila beste ehun baten gisa erabiltzen zuen, eta bere transparentzia azpimarratu zuen».Parpailan barrena Balenciaga erakusketak «sormena, teknika, ofizioa et...

Cristobal Balentziagaren jantzietan parpailak presentzia handia izan zuen; «getariarrak parpaila beste ehun baten gisa erabiltzen zuen, eta bere transparentzia azpimarratu zuen».

Parpailan barrena Balenciaga erakusketak «sormena, teknika, ofizioa eta berrikuntzarako gaitasuna» biltzen ditu Miren Vives Cristobal Balentziaga Museoko zuzendariaren iritziz. Getariako Museoak Frantziako Calais hiriko Cite Internationale de la Dentelle et Mode de Calais museoarekin batera ekoiztu du erakusketa, eta Catherine Join-Dieterle Frantziako ohorezko kontserbatzailea eta Palais Galliera museoko zuzendari ohia izan da erakusketaren komisarioa.

Aurten bost urte beteko ditu museoak, eta arduradunen esanetaz urtez urte «sendotu» egin da bere bidea. «Aurkeztu dugun erakusketa da horren adibide. Hasieratik, Cristobal Balenciaga Museoaren nazioartekotze izaeran lan egin du lan taldeak, eta erakusketa hau nazioarteko erakunde batekin elkarlanean egin den lehen erakusketa izan da. Espero dugu, bide oparo baten lehen urratsa izatea».

Hezkuntza osagarri

Getarian joan den martxoaren 18tik aurrera ikusgai den erakusketa 2015ean ikusgai izan zen Calaisen, eta Shazia Boucher Cite Internationale de la Dentelle et de la Mode de Calaiseko kontserbatzaileak azaldu zuen «harrera bikaina» izan zuela bertan. Erakusketa Donostia 2016 Europako hiriburutza proiektuaren Elkarrizketak programaren barrukoa da.

Balentziagaren jantzietan parpailak presentzia handia izan zuen: soinekoetan, jakatan, trajeetan, boleroetan eta berokietan ikusi zitekeen, baita osagarrietan ere. Erakusketak biltzen dituen 60 pieza horren adibide dira, eta museoko arduradunen esanetan «maisuaren originaltasun estilistikoa» agerian jartzen da. Izan ere, getariarrak parpaila beste edozein ehun baten gisa erabiltzen zuen, eta «parpailaren trasnparentzia efektua azpimarratzen jakin zuen, baita brodatuen bidez hori eraldatzen ere. Modu horretan silueta berriak sortu zituen, lerro naturalak eta bolumen harrigarriak, garaian ezarrita zeuden joerekin kontrastea egiten zutenak», azaldu du Vivesek.

Horrez gain, Parpailan barrena Balenciaga erakusketaren osagarri bezala bestelako ekitaldi batzuk ere antolatuko dituzte Getariako Cristobal Balentziaga Museoan: hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak. Modu horretan, testuinguru aberatsagoa eskaini nahi diete gaiarekiko interesa duten herritarrei; gainera parpailaren eta orokorrean modaren ikuspegi historikoa eta garaikidea eta etorkizuneko modako joerak ere izango dituzte hizpide.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide