Getariako Eskubide Sozialen Karta «gustura» dago getariarrek jardunaldietan izan duten erantzunarekin

Getariako Hitza 2016ko apirilaren 6a

Getariako Eskubide Sozialen Kartak antolatutako jardunaldietan aretoa jendez beteta. (Getariako Eskubide Sozialen Karta) Getariako Eskubide Sozialen Kartak Goienerrekin elkarlanean martxoan zehar aldaketa klimatikoaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen. Apirilaren 1ean, pasa den ostiralean, egin zuten azken saioa eta antolatzaileak «oso gustura daude ekimenak herritarren artean izan duen erantzunarekin». Ekimenaren sustatzaileen iritziz jende kopuru «polita» bildu da saio guztietan, «eta adin eta ikuspegi desberdinetako herritarrek parte hartu dute gainera» azaldu dute Getariako Eskubide Sozialen Kartatik. Dena dela, nabarmendu dute herritar sektore baten presentzia «faltan bota» dutela, eta horrek aurrera begira lanean jarraitzeko beharra dagoela erakutsi die antolatzaileei: «Herritar esparru zabalagoak eta erakundeek aldaketa klimatikoa ekiditeko aldaketaren bidean parte hartzea nahi dugu». Jendarte aktiboa Martxoan zehar antolatutako hainbat saioren bidez, aldaketa klimatikoaren inguruko azalpen osatua jasotzeko aukera izan dute jardunaldietan parte hartu duten getariarrek. «Egoeraren larritasunaz jabetzeko parada izan dugu, eta gaur egungo energi politikak, TTIP-a, sistema ekonomikoa eta aldaketa klimatikoa eskutik lotuta doazen errealitateak direla argi ikusi da». Ildo horretan, Ainhoa Iraolak azaldu zuen moduan «lehenago eta beranduago aldaketa egongo da, kontua da aldaketa hori guk kudeatzen dugun, edo egoerak behartuta ematen den». Horregatik, Getariako Eskubide Sozialen Kartatik uste dute guztiz beharrezkoa dela herritarrak gaiarekiko kontzientziatuta egotea. Iñaki Antiguedadek esaterako, «jendarte aktiboaz» hitz egin zuen, «aldaketarako esperantza iturri bezala». Jendarte aktiboaren ildotik herritarrek kontsumo ohiturak aldatuz inguruan izan dezaketen eragin baikorra nabarmedu zuten jardunaldietan. Eskubide sozialen kartak eskerrak eman dizkiete saioetan parte hartu duten herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide