'Parpailan barrena Balenciaga' erakusketa aurkeztu dute Cristobal Balentziaga Museoan

Getariako Hitza 2016ko martxoaren 18a

Museoko zuzendari Miren Vivesen esanetan "sormena, teknika, ofizioa eta berrikuntzarako gaitasuna" biltzen ditu erakusketak. Cristobal Balenenciaga Museoak Frantziako Calais hiriko Cite Internationale de la Dentelle eta de la Mode de Calais museoarekin batera ekoiztu du erakusketa, eta  Catherine Join-Dieterle Frantziako ohorezko kontserbatzailea eta Palais  Galliera museoko zuzendari ohia izan da erakusketaren komisarioa. Bertan, parpailak Getariako sortzailearen lanetan zuen garrantzia agerian uzten da. Cristobal Balenciaga Fundazioaren presidente eta Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Joxean Muñozek aurkezpenean nabamendu du "egun garrantzitsua" dela gaurkoa museoarentzat. "Bost urte betetzen ditu museoak, eta urtez urte sendotu egin da bere bidea. Gaur aurkeztu dugun erakusketa da horren adibide. Hasieratik Cristobal Balenciaga Museoaren nazioartekotze izaeran lan egin du lantaldeak, eta erakusketa hau nazioarteko erakunde batekin elkarlanean egin den lehen erakusketa izan da. Espero dugu, bide oparo baten lehen urratsa izatea". Getarian gaurtik aurrera ikusgai den erakusketa 2015ean ikusgai izan zen Calaisen, eta Shazia Boucher Cite Internationale de la Dentelle et de la Mode de Calaiseko kontserbatzaileak azaldu du "harrera bikaina" izan zuela bertan. Erakusketa Donostia 2016 Europako hiriburutza proiektuaren Elkarrizketak programaren barruan biltzen da. Erakusketa 60tik gora pieza Balentziagaren lanetan parpailak presentzia handia izan zuen: soinekoetan, jaketetan, trajeetan, boleroetan eta berokietan ikusi zitekeen, baita osagarrietan ere. Erakusketak biltzen dituen 60 pieza horren adibide dira. Moda sortzailearen lehenengo lanetatik hasita, bere ibilbide profesionaleko hainbat eredu ikusi daitezke bertan, eta musoko arduradunen esanetan "maisuaren originaltasuna estilistikoa" agerian jartzen da. Izan ere, getariarrak parpaila beste edozein ehun gisa erabiltzen zuen, eta parpailaren trasnparentzia efektua azpimarratzen jakin zuen, baita bordatuen bidez hori eraldatzen ere. Modu horretan silueta berriak sortu zituen, lerro naturalak eta bolumen harrigarriak, garaian ezarrita zeuden joerekin kontrastea egiten zutenak" azaldu dute. Balentziagaren sormenak parpailaren ehun-industria eragina izan zuen. Horren adibide izan zen Frantziako Calais hiria; XVI. mendetik zuen parpaila industria berrindartu egin zen XIX. mendean parpaila egitekeko sistema mekanizatuarekin, eta ordutik bizi-bizirik dirau parpailaren ekoizpenak eremu horretan; kasu askotan ehun urtetik gora dituzten makinak erabiltzen dituzte. Getariako museoko erakusketan Calaiseko parpaila tradizioaren adibideak ere ikus daitezke. Jarduera didaktikoak Parpailan barrena Balenciaga erakustaren osagarri  konferentziak, ikastaroak eta tailerrak antolatuko dituzte Cristobal Balentziaga Museoan; modu horretan testuinguru aberatsagoa eskaini nahi diete gaiarekiko interesa duten herritarrei, eta parpailaren eta orokorrean modaren ikuspegi  historikoa eta garaikidea, eta etorkizuneko joerak ere izango dituzte hizpide. Gainera, erakusketan zehar hiru eremu didaktikoak ere jarri dituzte, ikusleek erakusketan parte-hartzeko aukera izan dezaten. Informazio praktikoa Erakusketa irailaren 18ra bitartean izango da zabalik. Sarrera erostearekin batera, museoak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu asteburuetan eta jaiegunetan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide