Getariako Gure Esku Dagok bilera egin zuen ostegunean Alondegian. (Getariako Gure Esku Dago)
Ostegun iluntzean egin zuen taldeak bilera irekia Getarian, eta Getarian herri galdeketa egin edo ez bozkatu zuten bertaratu ziren herritarrek. 45 lagun bildu ziren bileran, eta horietatik 43k baiezkoa bozkatu zuten, eta bik txurian. Beraz, Getariako Gure Esku Dago taldeko kideen gehiengoaren babesa eta orain arte antolatu dituzte ekintzek herritarren artean izan duten harrera ona kontutan hartuta, herri galdeketa egitea erabaki dute. "Honek, herri mailan lanketa garrantzitsua eskatzen du (sinadura bilketa, data jarri, galdera definitu, ...), eta denon artean egin beharrekoa bada ere, talde eragile bat sortuko da" azaldu dute Gure Esku Dagotik. Talde horretan parte hartu nahi duten getariarrek
getaria@gureeskudago.eus helbidera idatzi dezakete taldearekin harremanetan jartzeko.
Eskualdeko hainbat herritan ere herri galdeketa egitea erabaki dute, eta elkarrekin galdeketaren data adostea baloratzen ari dira tokiak tokiko Gure Esku Dago taldeak. "Herrietan egin nahi diren galdeketen helburua, herritarrak kontzientziatzeaz gain, nazio mailan egin nahi den galdeketarako prestatzea da" adierazi dute Getariako Gure Esku Dago taldetik. Ildo horretan, getariar guztiak antolatzen diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte