Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Koloneko minbizia abisatu gabe dator. Ezustean hartzea zure esku dago lelopean koloneko minbiziaren aurkako kanpaina egiten ari da Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea. Asteartean esaterako Getarian izango dute hitzordua, 18:30ean Mariñela elkartean hain zuzen ere. Kanpainaren helburua herritarrei bizimodu eta elikadura osasuntsuaren bidez koloneko minbizia hein handi batean ekidin daitekeela azaltzea, eta elikadura osasuntsuak aspergarria izan beharrik ez duela erakustea da. Horretarako, lehenik eta behin Jesus Bañales adituak koloneko minbiziaren inguruan azalpenak emango ditu, eta gero Joxean Eizmendi sukaldariak aholku gastronomikoak emango ditu.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartetik jakinarazi dute koloneko minbizia euskaldunen artean minbizi mota ohikoena dela. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gizonezkoen artean intzidentzia handiena duen gaixotasunen artean dago, prostataren atzetik; emakumeen artean, berriz, bularreko minbiziaren atzetik kokatzen da.
Hitzaldian parte hartu nahi dutenek 943-133236 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.