Getariako udaletxeko fatxadan sentsore-kamerak jarri dituzte Harritarteko aparkalekua kontrolatzeko. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Pasa den astetik Getariako udaletxeko fatxadan sentsore-kamerak daude, eta horrek zeresana sortu du herritarren artean. Horregatik, Getariako Udal Gobernutik argitu nahi izan dute Harritarteko aparkalekuaren funtzionamendu egokia lortzea dela neurriaren helburua, «herritarren onurarako». Sentsore-kamerek argazki bidez ibilgailuen matrikulak irakurtzen dituzte. «Ez dira grabatzeko kamerak, ez dute inoren eta ezeren irudirik grabatzen» zehaztu nahi izan dute Getariako Udaletik getariarren artean sortu den kezkaren aurrean.
Besteak beste, Getariako Udalak sentsoreak jarri ditu Alde Zaharrean gertatzen diren «zirkulazio eta mugikortasun arazoak» saihesteko. «Harritarteko aparkalekuan gehienezko denbora muga pasatzen dute zenbaitetan ibilgailuek, eta udaltzainik ez dagoenean aparkalekuaren erabilera okerra egiten da, gainera motorrak joan-etorrian ibiltzen dira Alde Zaharrean barrena edozein egun eta ordutan, eta banaketako furgonetekin ere arazoak izaten dira zenbaitetan». Udaletik uste dute, horiek denek herriko mugikortasuna eragozten dutela, eta Alde Zaharreko «bizilagunei kaltea» eragiten dietela gainera, «horrela adierazi digute hainbatetan bizilagunek».
Getaria Herri Adimentsua
Sentsore-kamera berriekin Harritarteko aparkalekuaren erabilera egokia zainduko dute aurrerantzean. «Harritarteko gunea zaintzeko proiektu bat lantzen ari gara. Modu horretan, automatikoki kontrolatuko dira aparkalekura sartzen diren autoak, zenbat denbora egoten diren bertan, banaketa zerbitzuan dabiltzan ibilgailuak ote diren, baimendutakoak edo auzotarrak diren, besteak beste».
Hurrengo asteotan, hainbat proba egingo ditu Getariako Udalak, funtzionamendu egokiena lortzeko asmoarekin, eta aukeratutako sistema edozein dela ere, sistema martxan jarri aurretik getariarrei beharrezko azalpenak emango dizkietela azaldu dute.
Sentsore-kamera berriak Getaria Herri Adimentsua proiektuaren parte dira. Proiektu horren bidez Getariako Udalak hainbat informazio jasoko du, eta beste hainbat zerbitzu eskainiko ditu. Besteak beste, «herritarrek eta bisitariek wifi sarea erabili ahal izango dute, gainera udalak airearen eta itsasoko uraren kalitatea ezagutu ahal izango du, baita herriko toki eta eremu desberdinetako zarata maila ere».