660 sinadura inguru bildu dituzte Getarian Amarako geltokia berrezartzeko eskatzeko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 11

Herritarrrak atxikimendua ematen. (Intza Gurrutxaga) Donostiako autobus geltoki berria ireki dutenetik, UK 10 lineako autobusek, Zumaia-Donostia (AP8) ibilbidea egiten dutenek, Amaran geldialdia egiteari utzi diote. Getariar talde batek uste du aldaketa horrek «kaltea» eragin diela herritarrei, eta Amarako autobus geltokia berrezartzeko eskatzeko sinadura bilketa egin dute asteburuan; denera 660 sinadura jaso dituzte. Antolatzaileak «gustura» dira ekimenak herritarren artean izan duen erantzunarekin. «Guk sinadura gutxiago biltzea espero genuen. Ohartu gara autobusa erabiltzen duten herritarrak nahiko haserre daudela aldaketarekin, eta ohiko erabiltzaileak ez diren zenbaitek aipatu digute aldaketak ezustean harrapatu dituela». Getariarrek uste dute, aldaketak «bidaiak garestitzen eta herritarron mugikortasuna zailtzen» duela. Gainera, nabarmendu dute, ez dela ahaztu behar Getariatik igarotzen den garraio publiko bakarra dela autobusa; «ez daukagu aukerarik trena edo beste zerbitzuren bat erabiltzeko, ez behintzat Getariatik bertatik». Bilera mugikortasun arloan Bildutako 660 sinadura udal bulegoetan aurkeztu dituzte, eta hemendik aurrera Getariako Udalak kudeatuko du gaia. «Datozen egunetan, alkateak hitzordua eskatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatuarekin, eta harekin bilduko da gaia lantzeko» adierazi dute udaletik. Urola bailarako herriei ere kaltetu die aldaketak, eta urtarrilean martxan jarri ziren. Alde batetik, herritarren desadostasuna ikusita Azpeitiko Udalak autobusen ibilbide eta ordutegi aldaketak «bertan behera uzteko» eskatuko zion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek bilera egin zuten arduradunekin alternatibak jorratzeko. Horrez gain, zestoar bat sinadurak biltzen hasi zen Change.org-en, eta 1.625 bildu ditu; oraindik ere zabalik dago babesa emateko aukera .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide