Donostiako geltoki berria ireki dutenetik, UK 10 lineako autobusek, hau da, Zumaia-Donostia (AP8) ibilbidea egiten dutenek, Amaran geldialdia egiteari utzi diote. Getariar talde batek uste du aldaketa horrek "eragin nabarmena" izan duela herritar askoren artean, eta Amarako autobus geltokia berrezartzeko eskatu nahi dute.
Orain, San Martin kalean geldialdia egin ondoren, autobusa ez da Amarara joaten, Askatasuna Hiribidera (Avenida-ra) joaten da zuzenean, beste geldialdirik egin gabe. "Ondorioz, unibertsitatera, ikastolara, lanera edo besterik gabe Amarara joan behar edo nahi dutenek hiriko autobusa hartu behar dute". Aldaketak "bidaiak garestitzeaz gain herritarron mugikortasuna zailtzen" duela uste dute. Gainera, nabarmendu dute Getariatik igarotzen den garraio publiko bakarra autobusa dela, "eta ez daukagu aukerarik trena edo beste zerbitzuren bat erabiltzeko, ez behintzat Getariatik bertatik".
Horregatik, larunbatean zehar sinadura bilketa egingo dute herrian, eta getariarrak eskakizuna babestera animatu dituzte.