Klimaren aldaketa eta eredu alternatiboa hizpide izango dituzte Getarian

A. Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 1a

Patrizia San Sebastian, Haritz Alberdi eta Miguel Jimenez, Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideak. (Aiora Larrañaga) Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideek klimaren aldaketa eta alternatibak oinarri hartuta jardunaldia antolatu dute martxorako. Pasa den abenduan egin zuten lehen urratsa; Parisen egin zen klimaren aldaketaren gaineko COP21 goi bileraren harira. Getariarrek hausnartzea nahi zuten, eta horretarako Getaria koloretsu bat eta Getaria ilun bat irudikatzen zituen hormairudia jarri zuten liburutegiko balkoian; horrela Getaria koloretsu baten edo etorkizun beltza espero duen herri baten artean aukera egiteko unea dela ohartarazi nahi zieten herritarrei. Horrez gain, Goiener zer zen azaltzeko hitzaldia ere antolatu zuen elkarteak. Ildo horretatik, beste pauso bat emango dute martxoan, «energiaren kudeaketak klimaren aldaketan eragin zuzena du, eta herritarrek konturatu behar dute gure kontsumo ohiturak aldatzen ez baditugu, eta kontsumo jasangarri eta arduratsuaren aldeko apustua egiten ez badugu, klimaren aldaketak arazoak sortuko dituela. Hori ekiditeko alternatibei tokia egin behar zaiela uste dugu», azaldu dute. Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideen iritziz beharrezkoa da herritarren artean kontzientziazio lana egitea. «Goienerren inguruko lehen bilerak erantzun ona izan zuen, eta orain eredu arduratsura aldatzeko bidea erakutsi nahi diegu getariarrei», azaldu dute Eskubide Sozialen Kartakoek. EGITARAUA Martxoak 3, etzi 19:00. Mikel Oterok TTIP, energia eta aldaketa klimatikoa hitzaldia emango du Getariako Alondegian. TTIP akordioak energiaren alorrean izango duen eragina, eta horrek klimaren aldaketan izango dituen ondoriez arituko da. Martxoak 10, osteguna 19:00. This change everything filma emango dute Alondegian. Filma Naomi Klei idazle kanadiarraren Esto lo cambia todo. El capitalismo contra el clima liburuan oinarrituta dago. Euskal Herrian areto gutxitan eman dute. Martxoak 15, asteartea 19:00. Aldaketa klimatikoaren eragina gaia ardatz hartuta mahai ingurua egingo dute, Alondegian. Parte-hartzaileak: EHUko irakasle Gorka Bueno, 2011-2015 bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendari izandako Ainhoa Iraola, eta EHUko irakasle Iñaki Antiguedad. Martxoak 30, asteazkena 19:00. Argindar faktura irakurtzen eta ulertzen laguntzeko tailerra egingo dute, Alondegian. Nola ulertu eta murriztu argindarraren faktura gaia aztertuko dute. Apirilak 1, ostirala 17:30etik 20:00etara bitartean. Goiener Kooperatibara aldatzeko laguntza eskainiko dute Getariako KZgunean (liburutegian).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide