Getariako kaleak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariako Udala ohartu da gaur egun Getarian ez dagoela emakume izena daraman kale edo toki publikorik: Cristobal Balentziaga, Elkano, Roke Deuna, Nagusia edo Arnao Generala dira gizonezkoei erreferentzia egiten dieten kaleetako batzuk: emakumezkorik berriz ez dago. Horregatik, gaiari heldu diote, eta Emakumeen Nazioarteko Egunerako ekimen berezia antolatu du udalak jolas modura. Getariako gune publikoei emakume getariarren izena jartzeko ekitaldi parte-hartzailea abiatu dute, eta martxoaren 4a bitartean herritarrek herriko kale edo plaza mereziko luketen getariar emakumeen izenak proposatzea nahi du udalak.
Horretarako eskuorri bat argitaratu dute, hori bete eta proposamena udaletxeko postontzian utzi beharko dute getariarrek; gainera, pertsona hori zergatik aukeratu duten azaltzea ere beharrezkoa da. Mota honetako arrazoiak eman daitezke: Getariako historian zeresana izan duelako, kultur eragile esanguratsua izan delako edo lorpen handiak dituen herriko kirolari edo artista delako, besteak beste.
Getariako Udaleko Ongizate zinegotzi Begoña Garate da ekimenaren bultzatzaileetako bat. «Ongizate gaiekin interesa duten hainbat herritarrekin taldetxo bat dugu osatuta, eta bertan martxoaren 8aren harira zer egin zitekeen pentsatzen ari ginela, ekimen hori proposatu nuen. Nik neuk ere beste nonbait egin zutela entzuna nuen, eta gainontzekoei egokia iruditu zitzaien».
Jolasa errealitate
Hasiera batean ekimen sinbolikoa izango da, «jasotzen ditugun proposamenekin martxoaren 8an herriko kaleei emakume izena jarriko diegu paperez egindako karteltxoen bidez» azaldu du Getariako zinegotziak. Dena dela, Udal Gobernuak ez du baztertzen ekitaldiaren emaitza errealitate bihurtzea. «Kaleei izena aldatzea oso-oso zaila da, herritarrei eragozpen handia sortuko genielako. Dena dela, aurrerantzean gune publikoren bati izena jarri beharra egongo balitz, kontuan hartuko genituzke herritarrengandik