Datorren udazkenean hasiko dute euri urak eta ur zikinak bereizteko lanen hirugarren fasea. (Nerea Uranga/Hitza)
Getariako Udalbatzak behin-behinean onartu du 2016ko udal aurrekontua, EH Bildukoen aldeko botoekin. EAJ ez da ados agertu aurrekontuarekin eta hori osatzeko jarraitutako prozedurarekin, eta euren ekarpenak kontuan hartu ez direla salatu zuen udalbatzarrean Aitor Urresti EAJko udal bozeramaileak. Dena dela, EH Bilduren Udal Gobernua datozen 15 egunetan EAJrekin negoziatzeko eta adostasunera iristeko prest agertu da.
Denera, 3.997.500 euroko aurrekontua onartu du Getariako Udalak aurtengorako. Ibon Gereka EH Bilduko zinegotziak adierazi zuenez, udal gobernuari lehentasunezkoak iruditzen zaizkion arloak, eta herritarren ekarpenak kontuan hartu dituzte. «Parte-hartze prozesuaren bidez getariarren proposamenak jaso genituen, aztertu eta ahal den neurrian kontuan hartu ditugu udal aurrekontuan. Horregatik gure esker ona azaldu nahi diegu prozesuan parte hartu duten guztiei».
Bestalde, aurrekontuak ulertzeko udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartu behar dela adierazi du Gerekak. «Udalaren zorpetze maila urtez urte jaisten joan da, eta zorrak gero eta gutxiago baldintzatzen ditu aurrekontuak. Ildo horretan, 2016ko aurrekontuak arlo askotan gero eta inbertsio handiagoa egitea ahalbidetuko du; arrekontu orekatua eta anitza da».
Atzera begira, egoera ekonomiko zaila izanda ere, udal gobernutik nabarmendu dute «kudeaketa zorrotzari esker udalean gerakin sendo bat sortzeko gaitasuna» izan dutela, eta gainera aurreko agintaldian «herritarrentzat oinarrizkoak diren hainbat zerbitzu berritzeko» ahalegina egin zutela.
Aurtengo inbertsio nagusia euri uren eta ur zikinen bereizketa egiteko lanen hirugarren fasea izango da. Udazkenean hasiko dituzte lanak, uda partean eragozpenik ez sortzeko, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du proiektua.
EAJk aurrekontuari ezetz
EAJko bozeramaile Urrestik salatu zuen, batzordean herritarren ekarpenak zein izan diren jasotzen duen txostena eskatu zutela, baina ez dutela informazio hori jaso. Bestetik, azaldu zuen 2013an Getariako Udal Gobernuak hitzarmena sinatu zuela garajeen salerosketatik irabazitako dirua zorra ordaintzera bideratzeko, «eta sinatutakoa ez da bete».
EAJtik nabarmendu zuten getariarrentzat zerbitzu berriak Andoni Aristi alkate zela bideratu zirela, eta «EAJren proiektuak ziren. EH Bilduk bukatu bakarrik egin ditu». Gainera, Elkano 500 ekimenak ere zeresana eman zuen. «Pozten gara Elkano 500 egitasmoarekin gogoratzea, lau urte galdu dira, eta beste lau ezin baititugu galdu».
Horrez gain, EAJk faltan bota ditu: «Gazteentzako laguntzak, jarduera ekonomikoa eta turismoa sustatzeko partidak».
2016ko UDAL AURREKONTUKO PARTIDA NAGUSIAK
- Euri uren eta ur zikinen banaketaren hirugarren fasea. 434.000 euro.
- Euskara teknikariaren kontratazioa. 22.500 euro.
- Bizikidetza eta memoria historikoa arloan ekimenak. 10.000 euro.
- Elkano 500 egitasmoa. 30.000 euro.
- Kontu-hartzailearentzat laguntzailea. 18.500 euro.
- Udal eraikinen eraberritzea: Udaltzaingoaren lokala, korreos zaharra, Euskaltxetako haurtzaindegia zena erabilera anitzeko gela bihurtzeko eta liburutegian ikasteko tokia. 50.000 euro, eta beste hainbeste altzariak erosteko.
- Argiteri publikoa eraberritzea energetikoki eraginkorragoa izateko. 30.000 euro.
- Putzuagako haur parkea. 20.000 euro.
- Getaria-Zarautz arteko mendiko talaiak egokitzeko. 30.000 euro.
- Herribideen konponketa. Zabala baserritik aurrerako bidea eta Gaintzatik Indauxera doana. 60.000 euro.
- 2015etik amaitu gabeko lanak. 226.000 euro, gerakinetik ordainduko dute.