Jaione Zulaika: "Sudur gorria duten pertsonek magia berezia dute haurrentzat"

Urola Kostako Hitza 2016ko urt. 29a, 08:06

Jaione Zulaika pailazoa. (Aiora Larrañaga) JAIONE ZULAIKA- Tomaxen Abenturak pailazo taldeko kidea Jaione Zulaika getariarrak bi urte daramazki ‘Tomaxen Abentura’ pailazo taldean Muxugorri izaten; beren ikuskizunekin haurrek ongi pasatzea du helburu konpainiak. Nola iritsi zara pailazo izatera? Kasualitatea izan zen. Antzerkia beti gustatu izan zait ikusle bezala, baina ez nuen sekula pentsatuko, ezta amestuko ere pailazo izaterik. Ni txikitatik oso lotsatia izan naiz, eta ohartu nintzen antzerki munduan ibiltzen zen jendea oso alaia zela, erraztasuna zutela harremanetarako, eta antzezten ondo pasatzen zutela. Probatzea pentsatu nuen, eta Zarauzko Alproja taldean egin nituen lehen urratsak. Beraz, pixkanaka joan zara antzerkian murgiltzen? Bai, ikasten joan naiz. Alprojan ibili ondoren, Donostiara joan nintzen bizitzera, eta taldez aldatu nuen; Lasarteko Kukuka taldean beso zabalik hartu ninduten, eta bertan deskubritu nuen clown-a. Poliki-poliki mundu horretan murgilduz joan naiz, eta Zurriola Antzerki Taldera salto egin nuen. Garai horretan niretzat antzerkia denborapasa bat zen, ondo pasatzeko eta jolasteko aukera bat, eta hortik etorri zitzaidan Tomaxen Abenturak taldean aritzeko eskaintza. Bi aldiz pentsatu gabe eman al zenuen baiezkoa? Jokoz kanpo harrapatu ninduen, ez nuen espero. Gaur egun nire nagusia denari esan nion, ez nengoela formatua, eta ez nuela esperientziarik. Berak erantzun zidan, bere instintoak funtzionatuko nuela esaten ziola, eta berak nigan sinesten zuenez, probatu egin nuen. Poliki-poliki ikasten joan naiz, garai batean egiten zen bezala, eginez ikasi dut. Orain tartea dudanean, ikastaroetara ere joaten naiz. Gogoan al duzu lehenengo aldiz Tomaxen Abenturak ikuskizunarekin oholtza gainera igo zinen eguna? Balmasedan izan zen. Bi egun aurretik nerbioak jota nengoen, eta nire kezka bakarra txurian ez geratzea zen. Izan ere, antzezlan batean gauza asko kontuan hartu behar izaten dira: testua, mugimenduak, atrezzoa... Eta gure taldean bi aktore garenez, oso intentsoa izaten da. Balmasedako saioan arazo mordoa izan genituen: nire mikrofonoak ez zuen ondo funtzionatu eta ez zitzaidan entzuten, bestalde ni euskaldun zaharra izanda taldeko kideek esaten zidaten ez zitzaidala ulertzen, ez nuelako ondo ahoskatzen. Gainera, haur askok ez zekiten euskaraz. Emanaldia egiten ari nintzen bitartean, nire barruan pentsatzen nuen, lehen emanaldia eta azkena izango zela hura. Dena dela, bukatu nuenean ikuskizuna ikusi zuten antzerki taldeko kideek esan zidaten, aurreneko aldia izateko oso ondo atera zela, eta benetan harrituta geratu nintzen. Lehen saio horretan gauza asko zeuden hobetzeko, eta bi urtetan horretan aritu naiz. Nolako ikuskizuna da? Haurrei zuzendutako ikuskizuna da, eta clown-a egiten dugu batik bat. Esketxak egiten ditugu, eta haurrek ongi pasatzea da gure helburua. Urtero ikuskizun berri bat sortzen dugu, haurren interesei lotuta. Aurtengoa, esaterako, jaiei lotutako saioa izan da, eta datozen asteetan ipuinen inguruko ikuskizun berri bat sortzen hasiko gara. Nire nagusia Joxerra Fatxado da, esperientzia handia du antzerki munduan, eta bera da taldearen motorra; nik nire ideia eroekin laguntzen diot. Haurrak dira zuen publikoa. Erraza al da beraiekin konexioa sortzea? Haurrek eta gurasoek oso ondo pasatzen dute gure ikuskizunetan. Egiten denean sinestea da garrantzitsua, norberak sinesten badu, haurrak magia horretan oso erraz murgiltzen baitira. Haurrak jolasteko, barre egiteko eta dantzatzeko desiratzen egoten dira, eta sudur gorria duten pertsonek magia berezia du beraientzat, erakarri egiten dituzte. Urtarrilean Getarian izan zineten. Berezia izan al zen? Desberdina da, saiora etorri zirenak, denak aurpegi ezagunak ziren, eta askok ez zekiten ni honetan aritzen nintzenik ere. Oso polita izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide