"Bizi-bizia eta usain ederrekoa" da aurtengo txakolina

Getariako Hitza 2016ko urtarrilaren 13a

Getariako txakolina jatorri izeneko lehendakari Manterola txakolinarekin topa egiten. (Aritz Mutiozabal) San Anton Jaiak ospatuko dituzte ostiraletik igandera Getarian, eta igandean, San Anton Egunean, Getariako Txakolina Jatorri izenaren arduradunek uzta berriarekin egindako txakolina aurkeztuko dute jendaurrean. Aurtengo uztarekin «oso gustura» dira mahastizaleak, izan ere inoizko ekoizpen handiena izan dute aurten. Jatorri izenaren lehendakari Jose Inazio Manterolak zehaztu duenez, "oso uzta ona izan dugu. Udaberria ona izan zen, uztaila ilun samarra, baina udazkenean eguraldi zoragarria egin zuen, eta uzta bikaina jaso dugu. Lau milioi kilo mahats inguruan ibili gara, kopuru borobilera iritsi gabe, baina gertu izan gara". Orokorrean, iaz baino 300 mila kilo gehiago bildu dituzte, baina gogorarazi du iazko uzta ere "oso ona izan" zela. Eguraldiaz gain, azken urteetan landatu dituzten mahasti berriek ere eragina izan dute mahats kopuruan. "Azkena aldatutako mahastiak pixkanaka emaitza ematen ari dira, eta hortik ugaldu da. Mahastia aldatu eta hiru urtera hasten da ekoizpena ematen, eta ondoren bost-sei urtean produkzioa handitzen joan ohi da". Bestalde, eguraldiak kalitatean ere izan du zeresana. "Udazken ona izateak kalitate bikaineko mahatsa eman digu. Aurtengo txakolina bizi-bizia izango da, usai ederrekoa eta gozo puntua ere izango du. Getariako Txakolinak izan behar duen bezalakoa da". Ildo horretan, Manterolak zehaztu du urte batetik bestera txakolinaren berezitasunak ez direla gehiegi aldatzen. "Tokia eta erabiltzen dugun mahats barietatea ez baita aldatzen. Urte batetik bestera, garraztasunean izan ohi dira aldaketak". Txakolin gorria Getariako Txakolin jatorri izena osatzen duten 28 upategirentzat merkatu berriak bilatzea da erronka. "Horretan ari gara, merkatua zabaltzeko asko mugitu behar da, eta upategi txikiontzat ez da erraza. Hala ere, urtez urte urratsak egiten ari gara". Txakolin gorria da horren adibide. "Lehen ez genuen txakolin gorririk ekoizten, hemen ez baita gehiegi gustatzen. Dena dela, Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta beste zenbait herrialdetan gustuko dute, eta ekoizten hasi gara. Egun ia 200 mila botila inguru esportatzen ditugu". Hara ere, oraindik Getariako txakolinaren merkatu nagusia Gipuzkoa da. "Txakolina izena hartzen ari da, eta bisitariek gero eta gehiago kontsumitzen dute, hortik dator kontsumoaren gorakada".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide