Isasti: «Getariarrok beti izan dugu kanturako zaletasun handia»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urtarrilaren 12a

Jazinto Isasti Salbatore Deunaren abesbatzako zuzendaria. (Aiora Larrañaga/Hitza) JAZINTO ISASTI- Salbatore Deunaren Abesbatzako zuzendaria Jazinto Isastirentzat (1932, Getaria) Salbatore Deunaren Eliza eta bertako abesbatza bere bigarren etxea izan dira. Eliza ondoan bizi zen txikia zenean, eta haurra zenetik parrokiaren bueltan ibili izan da Isasti. Egun 83 urterekin abesbatzako zuzendari lanetan jarraitzen du. Zure bizitza abesbatzarekin guztiz lotuta izan da, ezta? Zuzendari lanetan 38 urte daramat, baina txikitatik Getariako Salbatore Deunaren Abesbatzari estuki lotuta izan naiz. Haurra nintzenean sartu nintzen abesbatzan, eta gaur egun arte hor nabil. Nire aita ere abesbatzako zuzendaria izan zen, eta haren urratsak jarraitu nituen. Aita erretiratu zenean hartu al zenuen haren lekukoa? Ez, aitak utzi zuenean nik abesbatzan parte hartzen nuen, baina itsasoan nenbilen lanean, eta zuzendari postua eta ogibidea bateraezinak iruditzen zitzaizkidan, entseguengatik batez ere. Aitak utzi zuenetik ez zen zuzendaririk egon abesbatzan, eta organojoleak zuzentzen zituen saioak. Horregatik, zuzendari izatea proposatu zidaten, eta onartu egin nuen. Nolakoa izaten da abesbatzaren martxa? Urte osoan zehar, astean behin entseatzen dugu, ostiraletan. Normalean abesbatza osoak entseatzen du, baina abesti berriak ikasi behar ditugunean, ahotsetan banatuta lantzen ditugu kantuak. Abesbatza koordinatzea zenbaitetan lan handia da niretzat, baina oso gustura aritzen naiz, bestela ez nuen jarraituko. Denbora asko hartzen al dizu abesbatza zuzentzeko lanak? Niri asko gustatzen zait, baina egia da denbora asko eskatzen duela. Etxean prestatu behar izaten ditut abestiak, eta ondoren entseguetan abesbatzarekin landu. Igandetako meza nagusian, hileta ospakizunetan, eta horrelakoetan abesten dugu. Garai batean, elizako ekintzetan bakarrik hartzen genuen parte, baina orain herriko ospakizunetan ere kontzertuak ematen ditugu. Elizako eta kaleko errepertorioa desberdina da, eta horrek lan gehiago eskatzen du. 83 urte dituzu, inoiz pentsatu al duzu abesbatza uztea? Bai, pentsatzen dut horretaz. 83 urte ditut, oso ondo nago, eta osasuna dudan bitartean orain arte bezala jarraitzea dut asmoa. Dena dela, kontuan hartu behar da adin honetan gorabehera handiak izaten direla, eta ezin da jakin urtebete barru nola egon gaitezkeen. Horregatik, osasuntsu nagoen bitartean erretiratu nahiko nuke, ez nuke gaixotu naizelako utzi nahi. Abesbatzako kideekin ez dut inoiz gaiaz hitz egin, baina uste dut beraiek ere ikusiko dutela adinean aurrera noala. Dena dela, ez didate inoiz ezer esan, eta nik ere ez diet ezer aipatu. Ba al duzu inor zure lekukoa hartuko lukeenik? Abesbatzan badut bateren bat begiz jota, baina ez dakit nire postua onartuko lukeen. Nik ez dut inor behartu nahi, bere garaian niri hori gertatu baizitzaidan. Aitortu behar dut 38 urte hauetan oso gustura aritu naizela, baina mundu hau asko gustatu behar da horretarako. Niri musika arloa asko gustatu izan zait beti, eta giro horretan mugitu izan naiz gaztea nintzenetik. Abesbatzaz gain, Getariako Musika Bandan ere 47 urtez jo dut tronpeta, eta soldadutzara joan nintzen arte txistularia ere izan nintzen. Familiatik datorkit zaletasuna. Pena bat izan dut bizitzan, lehorrean lan egin izan banu, musika arloan ikastea eta sakontzea gustatuko litzaidake, nire kasa ikasiz joan izan behar baitut. Zer moduz ikusten duzu abesbatzaren osasuna? 45 lagun inguru gara. Beti kopuru horietan ibili izan gara, baina gazteak ez dira animatzen abesbatzan parte hartzera, eta gizonezkoak oraindik eta gutxiago. Abestea atsegin duten emakumeak, haurrak hazita dituztenean, animatzen dira, baina gizonak ez. Inoiz pentsatu al duzu zergatik gertatzen ote den hori? Getariarrok beti izan dugu kanturako zaletasun handia. Garai batean eliza inguruan jende asko biltzen zen, baina orain gazteak ez dira elizara etortzen. Eta giro horretan ez dagoenarentzat, zaila da parrokiako abesbatzan kantatzera animatzea. Nik aurriritzi horiek alde batera uzteko esango nieke getariarrei, giro ederra dugu gure artean-eta. Gazteak parte hartzera animatu nahi nituzke, denbora libre dutenak eta kantua atsegin dutenak etorri daitezela taldera. Izan ere, kide berriak etortzen ez bazaizkigu, luzera abesbatza desagertzekoa arriskua baitago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide