Hurrengo bertsolariak parte hartuko dute bertso jaialdian.
San Anton Jaien barruan antolatu dute bertso hitzordua, eta Cristobal Balenciaga Museoan izango da 22:30ean. Getaria Puntua izena eman diote jaialdiari, G Puntua 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako izenburuari keinu eginez. Izan ere, aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartu zuten bertsolarietako sei igoko dira oholtza gainera: Beñat Gaztelumendi txapelduna, Alaia Martin, Agin Rezola, Iñaki Apalategi, Unai Agirre eta Oihana Iguaran bertsolariak, eta Unai Elizasu izango da gai-jartzailea.
Getariako Udaletik jakinarazi dutenez, bertso saioko sarrerak salgai jarriko dituzten astelehenetik aurrera udaletxean eta turismo bulegoan 8 euroren truke. Gainera, egunean bertan lehiatilan eskuratzeko aukera ere izango da.