Getariako Salbatore Deunaren Abesbatzako kideen gutuna

Getariako Hitza 2015eko abenduaren 22a

Salbatore Deunaren Abesbatzako kideak Cristobal Balenciaga Museoan kantari. (Salbatore Deunaren Abesbatza) Urtero ohitura dugun moduan, Salbatore Deuna Abesbatzako kideok urteko hausnarketa txiki bat partekatu nahi genuke getariarrekin. 2015an ere gure helburu nagusiak bete dira: getariarrek badute non kantatua eta ekitaldi berezietan, gure parte hartzea eskatu duten guztietan, bat egin dugu herriarekin. Jazinto Isasti zuzendari dugula, 45 lagun inguru biltzen gara abesbatzan. Astean behin eta batzuetan bitan elkartzen gara entseguak egiteko. Urtean zehar leku eta egoera ezberdinetan aritu gara kantari. Elizkizunetan entzun gaitzakezue. Eta bestelako ekitaldietan ere jardun gara. Zenbait kontzertu eskaini ditugu: Salbatore jaietan edo Zaharren Omenaldian esaterako. San Antonetan txakolinari kantatu diogu eta Antxuaren Egunean gure herrian hain preziatua den arrain horri. Gure eguna, Xixili Donearen eguna, ospatu dugu, eta aurten lehen aldiz Salbotoretan egin den Ikurriñaren egunean parte hartu genuen. Eta nola ez, aurten ere San Prudentzion, Askizun, eta Meagan izan gara, bertako jaietan. Herriko auzoetara gustura joaten gara, eta harrera beroa jasotzen dugu, inoiz ez dugu hamaiketako eder bat falta izaten. Eta egun berezi hauetan, Eguberri kantak izaten ditugu protagonista: abenduaren 18an Eguneko Zentroan, 20an herriko haurrekin, eta 24an, Gabon Gau egunean, kalez-kale arituko gara. Aipaturiko guztia egiteko hainbat laguntza jaso ditugu, gure bidea errazago egin dutenak. Gogoan izan nahi ditugu eskerrak emanez: Udaletxea, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Izendapena, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, eta Elkano Arraindegia. Urteari errepasoa egin eta 2015ean herriko hainbat ekimenetan lagungarri izan garela ikusteaz harro gaude, eta hurrengo urtean holaxe jarraitu nahi genuke, Getariak kantuarekiko izan duen lotura estua eten ez dadin. Inork gurekin batera kantatu nahiko balu, ez gelditu etxean lotsatuta, gure ateak zabalik daude guztiontzat. Animo eta etorri kantatzera!!!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide