Getariarrek klima aldaketaren gaineko goi-bileran jokoan dagoenaren inguruan hausnartu dezaten murala jarri dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abenduaren 3a

Getariako Eskubide Sozialen Kartak murala jarri du liburutegiko balkoian. (Getariako Eskubide Sozialen Karta) Getariako Eskubide Sozialen Kartak liburutegiko balkoian mural bat jarri du, Parisen egiten ari diren klimaren aldaketaren gaineko  COP21 goi bileraren harira. Bertan, Getaria koloretsu bat eta Getaria ilun bat ageri dira, eta horrekin adierazi nahi dute "Getaria koloretsu baten edo etorkizun beltza espero duen herri baten artean" aukera egiteko unea dela. "Getariarrek Parisen gertatzen ari den goi bileran arreta jartzea eta jokoan dagoenaren inguruan hausnartzea" du helburu hormairudiak. Izan ere, Getariako taldearen esanetan "okerrena gertatzea nahi ez badugu, negutegi efektuak sortzen duen gas isurien murrizketa lortzeko" balio beharko luke munduko herrialde garrantzitsuenetako presidenteak bildu dituen bilerak. Nazioarteko Energi Agentziak idatzitako 2011ko Worlf Energy Oultlook txotenean jasotzen zenez, 2017rako neurri zorrotzak martxan jartzen ez badira "klima arazo larriak gertatuko dira: lehorteak, urakanak, uholdeak, urtaroen ziklo aldaketa eta itsas mailaren igoera besteak beste". Herritarren konpromisoa Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideen esanetan "2009an adostu zuten, klima aldaketaren ondorio latzenak saihesteko mende honen amaieran tenperatura igoera 2 gradutik gorakoa ez izatea lortu behar zela, baina estatuek aurkeztu dituzten asmoen arabera igoera hori gutxienez 2,7 gradukoa izango da". Eragile sozialen artean esperantza gutxi dago estatuburuek hartuko dituzten konpromezuaren inguruan. Horregatik, herritarren "inplikazioa eta mobilizazioa behar-beharrezkoa" dela uste dute. "Etorkizuna gure esku hartu behar dugu, etengabe zabaltzen ari den zuloa geldiarazteko". Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dute "herritarren batasuna, adimen kolektiboa, solidaritatea eta justizia soziala lortzeko egarria, eta orain eta hemen aldaketak egiten hasteko gaitasuna". Getariako Eskubide Sozialen Kartak uste du norbanakoen konpromezuari esker egungo joera aldatzeko urratsak eman daitezkeela, eta bide horretan "ekoizpen eta kontsumo ereduak errotik aldatu" beharra beste aukerarik ez dute ikusten. "Getariar askok aldaketa posible dela erakutsi dugu kontsumo arduratsua egiten, bertako produktuak erosi eta dastatzen, energia berriztagarriak bakarrik banatzen dituzten  kooperatiba aukeratzen, hondakinak gaika biltzen, garraio zerbitzu publikoa eta bizikleta erabiltzen eta nekazaritza eta abeltzantzarako guneak babesten besteak beste". Horregatik, "Getaria koloretsu bat edo etorkizun beltza espero duen herri baten artean" aukera egiteko momentua iritsi dela ulertarazi nahi diete getariarrei. Getaria koloretsu baten edo etorkizun beltza duen herri baten artean aukera egiteko unea iritsi da Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideen iritziz. (Getariako Eskubide Sozialen Karta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide