Getariako Udalbatzak Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistaren aurka duen protokoloa bere egin du

Getariako Hitza 2015eko azaroaren 26a

Udalbatzarra baino lehen indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin zuten Getarian. (Aiora Larrañaga/Hitza) Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren harira, Getariako Udalbatzak Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari aurre egiteko duen protokoloa onartu zuen aho batez. Talde feministekin eta emakume taldeekin elkarlanean Getariarekin lotutako indarkeria matxistari aurre egiteko larrialdi plan iraunkorra abian jarriko du, eta nabarmendu zuten horretarako behar diren bitarteko teknikoak eta ekonomikoak aktibatuko dituela. Getariako Udalak konpromisoa hartu du bere eskuduntzen esparruan "udal politika aktiboa, osoa eta koordinatua garatzeko tratu onen eta emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren alde". Gainera, getariarrak gonbidatu dituzte "berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa hartzera urteko egun guztietan". Bestalde, Getariako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza deitu ditu gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitzera, berdintasun zuzendaritza gidatzera, epaitegietako genero unitateak doitzera eta legedia berrikusteko konpromisoa hartzera. Gainera, udalak hezkuntza eragileei eskatu die lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten. Getariako alkate Nika Lertxundik udalbatzarrean eskerrak eman zizkien udal taldeei, adostasunetara iristeko egin duten ahaleginagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide