Xabier Arrizabalo: «Atzerakada gertatu da oinarrizko eskubideetan»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko azaroaren 25a

Xabier Arrizabalo ekonomista eta irakaslea. (Eskubide Sozialen Karta) XABIER ARRIZABALO Ekonomista Nazioarteko ekonomian aditu eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasle Xabier Arrizabalok ekonomia mintegia emango du Getarian, larunbatean, 09:00etan hasita, Ulpiano etxean. Getariako Eskubide Sozialen Kartak antolatu du. Egungo ekonomia eredua kritikoki ulertzeko gakoak eskainiko ditu. Zer jorratuko duzu larunbateko ekonomia mintegian? Egun gizarte mailan gero eta arazo larriagoak ditugu mendebaldean, eta areagotuz doaz. Atzerakada gertatu da oinarrizkoak diren eskubideetan; hala nola, hezkuntza, osasuna, etxebizitza edo enplegu arloetan. Dena dela, ez da kasualitatea hori gertatzea, eta atzerakada azaltzen duten arrazoi sakonak landuko ditugu mintegian. Fisika arloan grabitate legea dagoen bezala, ekonomia arloan ere lege edo joera batzuk ditugu, eta horiek gertakariak azaltzeko balio dute. Horregatik, lehenik eta behin oinarri teorikoa landuko dugu. Gaiarekiko interesa duen edonork ulertzeko modukoa izango da mintegia. Alderdi praktikoa jorratuko al duzue gero? Alderdi teorikoa hainbat gertakari historikorekin lotuko dugu, parte-hartzaileek ulertu dezaten fenomeno ekonomikoak ez direla bat-batean gertatzen eta jatorri sakonak izaten dituztela. Gero, gaur egungo egoera jorratuko dugu; ildo horretan ikusiko dugu ekonomia kapitalistak kontraesan nabarmenak dituela, eta horiek areagotzen ari diren heinean gizarte arloko arazoak ere handitzen ari direla. Gako batzuk jakinda herritarrek zer gertatzen ari den ulertuko al dute? Bai, ezinbestekoa da testuingurua ulertzea errealitatea ezagutzeko. Horren adibide garbia dira duela bi aste Parisen gertatutako atentatuak. Komunikabideak etengabe atentatuen berri ematen ari zaizkigu, baina oso gutxik azaltzen dute erroa; Siriako gerra eta bertan gertatzen ari den gizartearen suntsiketa hain zuzen ere; testuinguru horretan muturreko pentsamoldeak zabaltzea oso erraza izaten dela ere ez dute aipatzen. Ekonomian ere gauza bera gertatzen da: gertakariak ez dira era soltean ulertu behar, arrazoietara joan behar da, ekonomiaren eta prozesu sozialen arloan itxurak engainatu egin baitezake. Bizi ditugun arazo larrien inguruko interpretazioa eskainiko dut, eta hortik abiatuta parte-hartzaileek eztabaidatzea nahiko nuke. Beraz, iritzia emateko aukera izango da mintegian? Hori da asmoa, baina eztabaidak ordenatua izan behar du, ez tabernan lagunekin izaten ditugun eztabaiden modukoa. Uste dut euskal gizartea nahiko berezia dela. Izan ere, Espainiako lurraldeetan tabua izan diren eztabaida gaiak, Euskal Herrian aspalditik mahai gainean daude, eta horien inguruan iritzia ematen dute herritarrek. Zenbaitetan zaila izaten al da egungo sistema zalantzan jartzea? Rosa Luxenburgo teoriko marxistak zioen ekonomista burgesek ez zutela gertatzen zena azaltzeko interesik; nahiago zutela errealitatea ezkutatu, garaiko sistema egon zitekeen orden bakarra zela frogatzeko. Mende bat geroago berdin edo okerrago jarraitzen dugu, ez ekonomia arloan bakarrik, baita politika, enplegu, hezkuntza eta beste hainbat eremutan ere. Etengabe ekonomiaz hitz egiten ari naiz, baina analisi ekonomikoa prozesu sozial globalaren beste ikuspegi bat dela ulertu behar dugu. Sistema ekonomikoa bezala, asko kostatzen zaigu sistema osotasunean zalantzan jartzea. Orain arte gertatu dena ezagututa, etorkizun hobeagoa sortu daitekeela uste al duzu? Bai, esperientzietatik ikastea oso baliagarria da etorkizun hobe bat eraikitzeko. Dena dela, beti ez dago gure esku. Lehen aldiz, belaunaldi gazteak beren gurasoak bizi izan direna baino okerrago biziko dira. Orain arte, hori guda baten edo gertakari larri baten ondorioz bakarrik gertatzen zen. Askotan gertatzen ari diren arazoak politikarien kudeaketa txar baten ondorio bezala aurkezten dizkigute, baina ulertu behar dugu sistema kapitalista inperfektoa dela; pribilegioak eskaintzen dizkio sektore batzuei, eta hori askotan gizartearen gehiengoaren aurka joan daiteke. Adibide garbia da C Hepatitisaren sendagaia; sendagaia aurkitzea oso berri ona izan da, baina errentagarritasunaren printzipioa erabilita sendagai horrek kostu oso handia du, eta gaixo gehienek ez dute hori eskuratzeko aukerarik. Irtenbiderik ba al da? Bai. Langileok, gizartearen gehiengoak, oinarrizko eskubideak baldintzarik gabe aldarrikatu behar ditugu, eta horretarako antolatu egin behar dugu independenteki. Izan ere, politi- kariek zor publikoa ordaintzea eta defizit helburu jakina izatea gehiengoaren interesen aurretik jartzen badituzte, hezkuntza, osasuna, gizarte laguntzak eta beste hainbat eskubide desagertu egingo dira pixkanaka. Azken urteetan gizarte mugimenduak ere ikuspegi hori jorratzen ari dira. Hasiera batean horrela zen, baina hauteskundeak iristen ari diren heinean sistemaren jokuan sartzen ari dira. Herri mugimenduaren barruan bi talde bereiziko nituzte: batetik, oraindik ere aldaketaren beharra aldarrikatzen duten militanteena; eta, bestetik, orain arte gobernuan izan direnen antza hartzen ari diren zuzendaritzena. Nik uste dut herritarrok eta herri mugimenduek kontsekuenteak izan behar dugula, eta lehentasunak jarri behar ditugula; ezin baita aldi berean sistema kapitalistaren eta gizartearen, bien, nahia egin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide