Zaborraren tasa ez dute igoko Getarian. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariako Udal Gobernuak jakinarazi du 2016ko tasak eta zergek ez dutela igoerarik izango 2015ekoekin alderatuz, eta 2015eko ordenantza fiskalak indarrean mantenduko dituztela datorren urtean ere.
Erabaki hau hiru arrazoiengatik hartu du Getariako Udal Gobernuak. «Alde batetik, krisi ekonomikoa pairatzen ari diren herritarren egoera ekonomikoa ez dugu okertu nahi», adierazi dute EH Bilduko kideek. Bestetik, zehaztu dute 2015ean KPIak ez duela goranzko joerarik izan, eta orokorrean, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kostua orekaturik geratuko dela igoerarik egin gabe ere.
EAJ ez dago ados
2015eko ordenantza fiskalen luzapena egin denez, udal gobernuak erabakia ez du udalbatzarretik pasatu beharrik izan, eta Getariako EAJ udal taldea «ez dago prozesuarekin ados». Aitor Urresti bozeramaileak adierazi du ez dutela «inolako informaziorik jaso» eta ez dutela «ekarpenak egiteko aukerarik izan».
Gainera, nabarmendu du «EAJko udal talde gehiena berria dela jakinda, udal gobernuak tasen eta zergen inguruko azalpenak eman beharko lizkieke udalbatzako kideei».