Harralde Libre herri mugimendua. (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Espainiako Auzitegi Gorenak Getariako Harralde taberna —eta beste ehundik gora— ixteko epaia berretsi zuenetik, bertako kideak egoera salatzeko buru-belarri lanean ari dira. Aldarriari eusteko eta mezua herritarren artean gizarteratzeko azarorako eta abendurako ekimen sorta antolatu dute. Igandean hasi eta Gabonak ingurura arte ekitaldiaren bat izango da astero Getariako Harralderen alde.
Datorren igandean esaterako Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa emango dute. Zinegile profesionalek, amateurrek eta lehen aldiz kamera bat hartu eta film labur bat grabatzera animatu diren herritarrek elkarlanean osatutakoa da Euskal Herriaren ABDak. Euskal alfabetoko 26 hizkietako bat egokitu zitzaion parte-hartzaile bakoitzari 2014ko udan, eta hizki horretatik abiatuta beldur, zientzia fikzio edo fantasiazko film labur bat egiteko eskatu zitzaien. Horiek denak batu eta film kolektiboa osatu dute, eta ikusgai izango da igandean 18:00etatik aurrera Harralde tabernan.
Bigarren eskuko azoka
Getariarren artean kontsumo eredu berria sustatzeko, eta kontsumo arduratsu eta jasangarriaren aldeko urratsak egiteko asmoz abenduaren 4-5eko astebururako Bigarren Eskuko Azoka antolatu nahi du Harralde Kultur Elkarteak.
Harraldeko kideek uste dute Gabonak gertu izanik, kontsumo ereduan aldaketak egiteko garai aproposa dela, eta herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu nahi dituzte. Datorren larunbatean eta hilaren 28an 11:00etatik 13:00etara bilduko dute azokarako materiala Berdura Plazan. Horretarako getariarrak armairuak astintzera, ganberak miatzera eta kutxa zaharrak hustera animatu dituzte. «Gizarte kontsumistaren ondorioz, gurpil zoro batean bizi gara. Behar duguna baino gehiago erosten dugu, eta erositakoarekin erraz aspertzen gara, zerbait hobea edo berriagoa aurkitu orduko. Ondorioz, lehendik etxean duguna zaborretara botatzen dugu», hausnarketa egin dute. Herritarrek etxean ahaztuta dituzten arropei eta objetuei bizitza berri bat emateko asmoz antolatu dute Bigarren Eskuko Azoka. «Ziur batek behar ez duena, beste batek gustuko izango duela-eta», esan dute.