Bakearen beharra aldarrikatuz adierazpen adostua aurkeztu dute EH Bilduk eta EAJk Getarian

Getariako Hitza 2015eko azaroaren 11

Oroimenaren Eguneko elkarretaratzea Getarian. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Atzo iluntzean Memoriaren Egunaren harira elkarretaratzea egin zuten Getariako udaletxe aurrean eta Getariako Udalak bakea "gure herriak Bakea behar" duela aldarrikatu zuen bertan. "Pertsona guztientzat, eskubide guztiak bermatuko dituen bakea".

Nika Lertxundi Getariako alkatea adierazpena irakurtzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Hurrengo adierazpena irakurri zuen Nika Lertxundi Getariako alkateak atzo.

"Bakearen eraikuntzarekin batera Memoriak ahalbidetzen digu gertatutakoaren oroipena presente izatea. Memoria gertaera objetiboen erreferentzian oinarritzen da, oroitzen denaren parte diren gertaera objetiboetan. Baina pertsona bakoitzarengan modu subjetiboan eratzen da .

Ez dago bi memoria berdin-berdinik. Bere eraikitzea gatazkatsua eta dinamikoa da. Horregatik jendartearen parte-hartzea eta pentsamolde eta bizipen anitzen adierazpena bideratu behar ditu memorien eraketak. Instituzioetako ordezkari garen guztiok, bake-bidea bultzatzeko eta errazteko erantzukizuna eta betebeharra daukagu. Zentzu honetan azken urtetan emandako urrats nabarmenek wuskal jendarte osoa itxaropenez bete dute.

Udal batza honek uste du udaletxean eta oro har tokian-tokian gauza asko egin ditzakegula bakearen eraikuntzan laguntzeko, beste eragileek urratsak noiz emango dituen zain egon gabe. Modu horretan, poliki-poliki baina etenik gabe, gure herriari etorkizun baketsua, justua eta iraunkorra ekarriko dion bidean aurrera egingo dugula. Udal ordezkari garen heinean, arduraz jabeturik, bizikidetza lantzeko gure laguntza, babes eta sustapen guztia emateko erabakia hartzen dugu. Eta horretarako elkarbizitza demokratikoaren konpromisoa areagotu nahi dugu.

Hitzari dagokion pisua eta balio osoa onartuz eta gizarteak libreki adierazitako borondatea errespetatuz.

Sufrimendu guztiak batzen gaitu

Bortxakeria, gure herriak pairatu duen eta pairatzen duen errealitate albora ezina da. Ezin da ukatu ETAren bortxakeriak hildako, zauritutako eta zuzenean mehatxatutako pertsona edo biktima ugari sortu dituela. Baina hori bezain argi dago Estatuen bortxakeriak hildako, zauritu, atxilotu, torturatu eta desagertu asko sortu dituela. Horiek ere zuzenean eragindako biktimak dira.

Horrenbestez, gure herria ere Euskal Herriak pairatu eta pairatzen duen sakoneko sufrimenduaren isla da. Bere herritarren giza eskubideak bortxatzen diren egoeraren ispilu argia. Era berean, biktima guztiak parekotasunik gabe, ez eta bazterkeriarik gabe, kontuan hartuko dituen memoria sustatzeko gure konpromisoa adierazten dugu. Giza duintasunaren, pertsonaren eta horren ondoriozko eskubideen errespetua, beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoien gainetik eta aurretik dagoelako.

Biktimen oinarrizko beharren aurrean agintari eta instituzio ezberdinok ez gara gai izan zegokigun maila emateko, eta ondorioz gure nahigabea adierazi nahi diegu beren burua babesturik sentitu ez dutenei, uneren batean baztertuak edota erakunde politiko zein instituzionalen aldetik erabiliak izan direla sentitu duen biktima guztiei.

Baina aitormen hauek egiten dugun indar berberarekin, arduraz beteriko beste baieztapen bat egiten dugu; gure herrian izan diren biktima ororen inguruan bat egiten ez badugu, elkarbizitza demokratikorako prozesuak ez du aurrera egingo.

Elkarbizitza demokratikoak ez du gure herrian tokirik izango, ez badira aurretik guztiok barnebiltzen gaituzten oinarri sendoak jartzen, ez badugu aurretik gure herrian gertatu den guztia aitortzen. Ezin dugu atzeratu bake bidearen eraikuntzarako ezinbestekoa den indar politiko guztien arteko batasuna. Eta bide horretan gure herrian diren biktima guztien inguruko batasuna ere ezinbestekoa izango da.

Guztion eskura

Eta bide hori elkarrekin egiteko, oinarrizko abiapuntu batetik has gaitezke: eskubide guztiak pertsona guztiontzat.

Abiapuntu honek barnebiltzen ditu elkarrizketa, akordioa, eta beti bai esatea: bai hitzari, bai bakeari, bai ez gelditzeari, bai urratsak ematen jarraitzeari, bai enpatiari, bai benetako eta egiazko autokritikari, bai eskua luzatzeari, bai oinazea eta sufrimendua konpartitzeari. Gauza horiek subjetiboak eta norbanakoarenak badira ere, herri honetako herritar guztienak ere badirelako.

Azaroaren 10a

Bake horren eraikuntzarako ezinbestekoak diren beste dinamika barne-hartzaile, proaktibo eta zabal horietako bat bideratzeko aukera dugu gaurko egunez. Egun bizi dugun bake eta normalizazio prozesua indartzeko baliagarria izango dena eta ezinbestean etorkizunari begira jarriko gaituena.

Gaur azaroaren 10a izanik Oroimenaren Eguna ospatzeko ekimen hau burutzea erabaki du udal honek. Horrelako keinuekin, gatazkak eragindako biktima guztiekiko gure oroimena azpimarratzeaz gain, berriz ere , denontzako bilgune izango den tokiaren eraikuntzan parte-hartuko dugu.

Eta etorkizuneko bake eta bizikidetza eraikitzeko ezin-bestelako dela pairatutako mina eta biktima guztien duintasuna onartzea. Adierazpen honen hasieran egin dugun aldarrikapena berretsiz, guztiek merezi dute EGIA, JUSTIZIA eta ERREPARAZIO ESKUBIDEA.

Amaitzeko, bakearen eraikuntzan beste erreferente nagusi den Nelson Mandelaren esaldi bat ekarri nahi dugu gaurkora: "Errazena, puskatzea eta suntsitzea da. Heroiak bakea izenpetzen dutenak dira, eraikitzaileak dira". Gutako bakoitza da heroia, bakea bidean zerbait egiten badugu, bakea guztion lana da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide