Sahatsaga Goiko parke berria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariako Udalak Sahatsaga Goiko eremua bukatutzat eman nahi du agintaldian zehar. Hirigintza Arauen arabera, hasiera batean 30 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusita zegoen inguru horretan, baina udalak aldaketa egin eta 60 etxebizitza egiteko baimena eskatu du; babes ofizialeko 20, beste 20 tasatu, eta 20 libre.
Horretarako, udan herritarren etxebizitza beharrak ezagutzeko inkesta bat egin zuen udalak getariarren artean. 87 herritarrek parte hartu zuten; horietatik 78k babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko nahia azaldu zuten, 39k tasatuak eta 17 pertsonak libreak. «Inkesta horretako emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundira bidali dizkiogu, eta horrek Eusko Jaurlaritzara bideratu ditu, azken honek baimendu behar baitu 30 etxebizitzatik 60ra pasatzea», azaldu du Nika Lertxundi Getariako alkateak. Inkestaren emaitzek aldaketa eskaera justifikatzeko balioko diote Getariako Udalari, herritarren etxebizitza eskaerari erantzuna ematera datorrela erakutsiko baitute.
Getariako alkateak adierazi duenez, 8 hilabete eta urtebete arteko epea du Eusko Jaurlaritzak erantzuna emateko. Beraz, behin betiko erantzuna jaso arte ez da jakingo Sahatsaga Goiko eremuan 60 etxebizitza eraikiko ote diren.
Zerrendetan izena ematea
Inkestan parte hartu zuten hainbat herritarren artean nahasmena sortu da Sahatsaga Goiko etxebizitzen inguruan. Izan ere, zenbaitek uste dute inkestan parte hartzeagatik zerrendetan izena emada daudela dagoeneko. «Inkestan parte hartu zuen herritar batek babes ofizialeko etxebizitzen zozketa noiz izango den galdetu zidan», azaldu du Lertxundik, eta horregatik Getariako Udalak inkestaren helburua eta jarraitu beharreko prozesua argitu nahi izan ditu. «Eusko Jaurlaritzak udalaren eskaera onartuko balu, Sahatsaga Goian 60 etxebizitza egiteko baimena izango genuke, eta orduan etxebizitzak egiteko lanketa abiatuko genuke. Behin irizpideak zehaztutakoan eman beharko lukete herritarrek izena etxebi-
zitza babestu eta tasatuetan».
Bestalde, Sahatsaga Goiko 60 etxebizitzekin Sahatatsaga Goiko eremua bukatutzat emango luke udalak. Orain arte, etxebizitzez gain, aparkalekuak eta haur parke bat duen berdegune zabal bat ere egin dituzte bertan. «Herrian ordeka gune gutxi daude, eta eremu hori aprobetxatu nahi izan dugu berdegune bat egiteko; hurrengo urratsa bertan zuhaitzak sartzea izango da. Gainera, eremua eskolatik oso gertu dagoenez, herriko ikasleek bertan jolasteko aukera izango dute».