Getariako wifi sarea martxan da. (Getariako Udala)
Getariako Udalak teknologia berriak herritar guztien eskura jarri nahi ditu, eta wifi sare berria jarri du martxan getariar eta bisitariei horren bitartez doan nabigatzeko aukera eskaintzeko. Herri Adimentsua egitasmoaren barruan, potentzia handiko bost wifi puntu jarri dituzte, eta horien artean sare bat osatu dute. Horietako hiru herrigunean daude: Guradien Enparantzan, herriko pilotalekuan eta Malkorbe hondartzan. Beste bi auzoetan: Askizun eta Meagan.
Wifi sareari esker hainbat etxek eta baserrik Internetarekin duten arazoa ere konponduko da. Izan ere, kable bidez Interneta iristen ez den eremuetan sistema berriari esker sarera konektatzeko aukera izango dute.
Gainera, wifi sare berriak nabigatzeko aukera eskaintzeaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskainiko dizkio udalari: besteak beste, Getariako airearen kutsadura eta zarata maila neurtzeko aukera eskainiko du, baita nahi izanez gero aparkalekuak zaintzeko kamerak jartzekoa ere. Bestalde, turismo arloan ere hainbat aurrerapauso emateko baliabideak ditu wifi sareak, udalak Getariara joaten diren bisitarien jatorria ezagutzeko aukera ere izango baitu.
Getaria, punta-puntan
Herri Adimentsua proiektua pixkanaka hainbat herritan ezartzen ari da, baina udalak egin dituen berrikuntzei esker, Getaria Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan punta-puntan kokatu da egun.
Wifi sare berriak 31.000 euroko kostua izan du, eta bi fasetan ordainduko dute: lehen zatian 17.000 euro eta bigarren zatian 14.000 euro. Dena dela, Ibon Gereka zinegotziak azaldu zuenez, kostuaren %70 Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntzeri esker ordaindu dute, eta beraz, %30 ordaindu du udalak.