Getariako itsasargiaren inguruko proiektua lantzen ari da udala

A. Larrañaga Solaberrieta 2015ko urr. 22a, 07:15

Getariako Itsasargia. (Ane Olaizola/Hitza) Espainiako Gobernuak Faros de España proiektua abian du, jenderik bizi ez den itsasargien erabilera turistikoa sustatzeko. Hala, itsasargiak hotel bihurtzeko aukera ere eskaini du Puertos del Estado erakundeak. Dena dela, itsasargiak esku pribatuetan utzi beharrean, Pasaiako Portuak nahiago du tokian tokiko itsasargiak udalek kudeatzea. Zumaiako itsasargian farozaina bizi denez, biziberritze proiektutik kanpo geratu da, baina Getariakoaren harira egin dituzte lehen bilerak Pasaiako Portuko eta Getariako Udaleko ordezkariek. Bertan, Getariako Itsasargia kudeatzeko proposamena luzatu zion Pasaiako Portuak udalari, beti ere bere funtzioa mantenduz. Getariako Udalak urtebete darama San Anton Mendiko itsasargian eta inguruan zer egin daitekeen lantzen. «Itsasargiaren inguruan San Anton ermitaren aztarnak daude, eta ingurua ere paregabea denez, guri ondare hori balioan jartzea gustatuko litzaiguke. Dena dela, oraindik proiektua lantzen ari gara eta ez dago ezer erabakita», azaldu du Nika Lertxundi alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide