Getariako Alde Zaharrean etengabeko zarata dagoela kexu dira bizilagunak. (Aiora Larrañaga)
Astearte arratsaldean Getariako udal gobernuak agintaldiko lehen Getariako Udala Informatzen bilera egin zuen, eta esku artean dituzten hainbat gai herritarrei azaltzeaz gain, getariarren proposamenak ere entzun zituzten. Getariako Alde Zaharrean «ia 24 ordutan egon ohi den zarata» izan zen bileran eztabaidatu zen gaietako bat.
Getariako Udalak Getariako Zarata Mapa egin behar izan du legeak eskatuta. «Aldaketa partzial bat egin behar izan genuen Sahatsagako eremuan, eta legeak agintzen du zarataren inguruko plana egin behar dela horrelako aldaketak egiteko. Ikusi genuen pixka bat gehiago ordainduta herriko plan orokorra egin genezaleela, eta Getariako Zarata Mapa osatu dugu». Bertan garraio azpiegiturek herrian sortzen duten zarata aztertu dute, eta etorkizunean zarata horren aurka zer egin beharko litzatekeen jaso.
Dena dela, udalak badaki zarataren azterketa hori motz geratzen dela; izan ere, udaletxean jasotzen dituzten «kexa asko» zarataren ingurukoak direla aitortu du Nika Lertxundi alkateak. «Alde Zaharrean batez ere, etengabeko zarata dago: motorrak goitik behera, hondakinak biltzen dituzten kamioiak, edukiontzien joan-etorria, kaleak garbitzeko gailuak, banatzaileen ibilgailuak, bertan biltzen den jendearen zurrumurrua eta tabenetako hotsa, besteak beste. Etengabekoa da zarata». Horren aurrean, lanketa egiten hasiko dira. «Alde Zaharra oso polita da, baina bere ezaugarriengatik tximinia efektua egiten du, eta zarata areagotu egiten da. Gainera, gauean herri osoa isiltasunean dagoenean, zarata indartu egiten da».
Bileran bildu ziren hainbat herritarrek ere bat egin zuten Alde Zaharreko zarataren inguruan udalak zuen ikuspegiarekin. «Goizean goiz, 07:00ak inguruan haize-makina bizilagunon iratzargailua izaten da, horrekin hasten dugu eguna». Alde Zaharrean bizi izan den beste herritar baten iritziz, «ez da faktore bakarra, egunean zehar sortzen den zarataren pilaketa da».
Udalak oraindik ez du Alde Zaharreko zarataren datu zehatzik, baina Ibon Gereka zinegotziak azaldu zuenez, laster jarriko dituzte zarata neurtzeko sentsoreak, eta orduan ezagutuko dituzte datu zehatzak. «Dena dela, zarata handia egoten dela bistakoa da, eta horren gainean lanketa egiten hasiko gara».
Euri ura eta ur zikina
Bestetik, udalarentzat garrantzitsua da ur zikina eta euri ura bereizteko azpiegitura egokiak izatea, eta finantzazioa lortzen ari diren heinean, gauzatzen ari dira proiektua. Iaz, esaterako, N-634 errepidean herrigune parean egin zituzten lanak, eta aurtengo neguan beste urrats bat emateko asmoa dute. Elkano Kalea eta Kale Nagusia lotzen dituen zatia egiteko diru laguntza jaso dute, eta udalak 33 metro dituen zatia egin nahi du. Alkateak bileran azaldu zuenez, «zati hori proiektuaren zatirik zailena da, bertatik garai bateko hoditegia, semaforoa, argindar, telefono eta beste hainbat hornikuntza hodi pasatzen baitira. Errespetua ematen du bertan eskua satzeak, baina datozen hilabeteetan egitea da gure asmoa». Horretaz gain, Getariako Udala aztertzen ari da obrak aprobetxatuz udaletxe aurreko espaloia zabaltzea ere, «gaur ez baititu irisgarritasun arauak betetzen».