Larunbat eguerdian Getariako Arraun Elkarteko arraunlarien arteko pilota erronka bat jokatu zuten Getariako pilotalekuan; getariarrak oriotarren aurka aritu ziren, eta azkenean Egoitz Mateosek eta Jon Urrestik osatutako bikote getariarrak 7-22 emaitzarekin irabazi zioten Agustin Mugika eta Mikel Indori.
Hasiera batean nahikoa berdinduta abiatu zuten partida, baina 5-8 getariarrak aurretik jarri zirenean aise irabazi zieten oriotarrei. Urrestik adierazi zuenez, gustura dira egin duten lanarekin. «Arraunean bai, baina pilota arloan ez genuen elkar ezagutzen. Horregatik hasieran beldur pixka batekin joan gara partidara. Gustura gaude frontoia bete egin delako eta eguerdi polita pasa dugulako». Arraun denboraldia bukatuta, entrenamenduekin hasi bitartean atseden hartzen ari dira Getariako arraunlariak, baina erronkarako tartea hartu dute. Partidara bertaratu zirenek nabarmendu zuten «giro polita» izan zela norgehiagokan zehar, eta getariarrez gain hainbat oriotar ere hurbildu zen lehia jarraitzera.