Erakusketa modu berezian itxiz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 16a

Donostiako Orfeoi Gazteak kontzertua eskainiko du 'Balentziaga eta Arte Eszenikoak' aldi bateko erakusketari amaiera emateko. Sarrerak doan izango dira.Donostiako Orfeoi Gazteak kontzertua emango du igande eguerdian Getarian. Balentziaga eta arte eszen...

Donostiako Orfeoi Gazteak kontzertua eskainiko du 'Balentziaga eta Arte Eszenikoak' aldi bateko erakusketari amaiera emateko. Sarrerak doan izango dira.

Donostiako Orfeoi Gazteak kontzertua emango du igande eguerdian Getarian. Balentziaga eta arte eszenikoak aldi baterako erakusketarekin abiatu zuen Cristobal Balenciaga Museoak Gorputza, soinekoa eta mugimendua izeneko programa ekainaren 24an. Lau hilabetez Balentziagak arte eszenikoen inguruan egindako 80 erreprodukzio ikusgai izan dira Getariako museoan, eta 19.000 mila lagunek bisitatu dute erakusketa.

Erakusketari amaiera berezia emateko Orfeoi Gazteak emanaldia eskainiko du museoaren atarian. Saio berezia izatea nahi dute, eta itxiera egunerako programa berezia prestatu du abesbatza gazteak. 12:30ean izango da kontzertua, eta emanaldiko sarrerak doan izango dira. Era horretan, getariarrak eta bisitariak saioaz gozatzera animatu nahi dituzte.

Gainera, bertaratzen direnek Cristobal Balentziagak 1964ean Orfeoiarentzat diseinatutako tunika ikusteko aukera dute, iraileko eta urriko jantzi nabarmendu gisa erakutsiko dute museoan.

Bi ikastaro urrirako

Gorputza, soinekoa eta mugimendua izeneko programaren barruan azken hilabetetan hainbat ekimen antolatu dituzte. Ildo horretan urrirako jantzi eszenikoen inguruko bi ikastaro antolatu dituzte Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketari bukaera emateko. Alde batetik, Jantzi eszenikoak diseinatzeko hastapen ikastaro teoriko-praktikoa eskainiko du Ikerne Gimenezek gaurtik igandera bitartean.

Bestetik, Ikuskizunetako jantziak egiteko tekniken hastapen ikastaroa emango dute urriaren 30etik azaroaren 1era Eva San Miguelek eta Marisa Etxarrik. Bertan, jantzi eszenikoak egiteko prozesu eta teknika espezifikoak landuko dituzte.

Gorputza, soinekoa eta mugimendua programa eta prestakuntza saioak Donostia 2016ko Elkarrizketak programaren parte dira. Bi ikastaroak sektoreko profesionalei, artistei, diseinatzaileei, arte ederretako, diseinuko eta informazioaren zientzietako ikasleei daude zuzenduak besteak beste. Plaza mugatuak izango dituzte ,eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da; horretarako 943-004777 telefono zenbakira hots egin edo info@fbalenciaga.com helbidera idatzi beharko dute interesatuek.

Udazken-neguko ordutegia

Uda sasoia bukatuta, urriaren hasieratik urte-sasoi aldaketa izan da Cristobal Balenciaga Museoan eta ordutegi aldaketa ere egin dute. Beraz, azaroa bitartean, asteartetik ostiralera 10:00etatik 17:00etara izango da zabalik museoa, eta asteburuetan eta jai egunetan, berriz, 10:00etatik 19:00etara.

Bestalde, azarotik otsailaren bukaera arte, neguko denboraldian murgilduko da Getariako museoa: asteartetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik eta asteburuetan eta jai egunetan 10:00etatik 17:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide