Erakusketa modu berezian itxiko dute igandean Getarian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 16a

Igandean itxiko dute Balentziaga eta Arte Eszenikoak erakusketa. (Aritz Mutiozabal/Hitza)   Donostiako Orfeoi Gazteak kontzertua emango du igande eguerdian Getarian. Balentziaga eta arte eszenikoak aldi baterako erakusketarekin abiatu zuen Cristobal Balenciaga Museoak Gorputza, soinekoa eta mugimendua izeneko programa ekainaren 24an. Lau hilabetez Balentziagak arte eszenikoen inguruan egindako 80 erreprodukzio ikusgai izan dira Getariako museoan, eta 19.000 mila lagunek bisitatu dute erakusketa. Erakusketari amaiera berezia emateko Orfeoi Gazteak emanaldia eskainiko du museoaren atarian. Saio berezia izatea nahi dute, eta itxiera egunerako programa berezia prestatu du abesbatza gazteak. 12:30ean izango da kontzertua, eta emanaldiko sarrerak doan izango dira. Era horretan, getariarrak eta bisitariak saioaz gozatzera animatu nahi dituzte. Gainera, bertaratzen direnek Cristobal Balentziagak 1964ean Orfeoiarentzat diseinatutako tunika ikusteko aukera dute, iraileko eta urriko jantzi nabarmendu gisa erakutsiko dute museoan. Udazken-neguko ordutegia Uda sasoia bukatuta, urriaren hasieratik urte-sasoi aldaketa izan da Cristobal Balenciaga Museoan eta ordutegi aldaketa ere egin dute. Beraz, azaroa bitartean, asteartetik ostiralera 10:00etatik 17:00etara izango da zabalik museoa, eta asteburuetan eta jai egunetan, berriz, 10:00etatik 19:00etara. Bestalde, azarotik otsailaren bukaera arte, neguko denboraldian murgilduko da Getariako museoa: asteartetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik eta asteburuetan eta jai egunetan 10:00etatik 17:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide