Getarian informazioa banatzen ibili dira urriaren 24ko Alternatiben Herria ekitaldirako

Onintza Lete Arrieta 2015eko urriaren 10a

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladakoek antolatu dute ekitaldia hilaren 24rako Bilbon. Alternatiben Herria izeneko egitasmoak aldarrikapen sozialak ditu oinarrian, eta Getarian hasi dira ekitaldirako deia egiten eta informazioa banatzen. Gaur (larunbata) eguerdian eskuorriak banatu dituzte kalean, eta HITZAri jakinarazi diote Alternatiben Herriak abiatu duen crowfunding-erako diru ekarpenak ere jaso dituztela. Alternatiben Herriko manifestuak honela dio: "Gure bizitzak eta amalurra mehatxupean daude: desberdintasunak areagotu dira, kapitalak arpilatutako aberastasun soziala, klima aldaketa, eskubide sozialak ahuldu dira, bazterketa soziala goraka doa, natur baliabideak xahutzen ari gara, zerbitzu publikoak pribatizatzeko irrika, orden patriarkala indartzea, gure kabuz erabaki eta antolatzeko ahalmena galtzea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezina… Eta honen aurrean soluzio faltsuak bakarrik eskaintzen ditu kapitalismoak". Horregatik, sei ardatz ditu egitasmoak: Ekonomia eredua; natura; bizitzaren iraunkortasuna; aniztasuna; ondare komuna; eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea. Eta ardatz horietan hainbat alternatiba ikusarazi nahi dituzte: ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailea, elikadura burujabetza, ekonomia feminista, kontsumo arduratsua, prozesu parte hartzaileak, aniztasunaren kudeaketa… Agiri bat jarri dute sarean, eta hori sinatzeko aukera dute norbanakoek nahiz eragileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide