Uxoa Larrañagak zinegotzi kargua utzi du. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Asteazken arratsaldean ezohiko udalbatzarra egin zuten Getarian, eta EAJko bozeramaile Uxoa Larrañagak bere karguari uko egin zion osasun arazoengatik. Larrañagak HITZAri azaldu dioenez, hauteskunde kanpainan zehar ere izan zituen hainbat osasun arazo, baina «aurrera jarraitzea» erabaki zuen. Orain, «medikuek gomendatuta» utzi du kargua Larrañagak. «Udaleko lanaz gain, nire lana ere badut. Denbora librean egin behar dut udaleko lana, eta lan karga handia da. Erritmo horrek osasun arazoei kalte egin die. Pena handia eman dit kargua uzteak, baina atsedena hartu behar dut», nabarmendu du.
EAJko kideek eskerrak eman dizkiote Uxoa Larrañagari urte hauetan guztietan herriaren eta getariarren alde egin duen lanagatik, eta animoak eman dizkiote. Baita Getariako udal gobernuak ere: «Eskerrak eman behar dizkiogu urte hauetan udalean egin duen lanagatik, eta etorkizunik onena opa diogu Uxoari», esan zuen Getariako alkate Nika Lertxundik udalbatzarrean.
Larrañagak kargua utzita, zinegotzi berri bat gehituko da EAJren udal taldera. EAJko kide Andoni Aristik asteazkenean azaldu zuenez, oraindik ez dute Larrañagaren ordezkoa zein izango den erabaki, eta datorren udalbatzarrean jakinaraziko dute.
Zortzi urte Udalbatzan
Uxoa Larrañaga zortzi urtez izan da Getariako Udalbatzako zinegotzia, eta urte horietan«asko ikasi» duela nabarmendu du. Lehen agintaldian, Andoni Aristi alkate zela Hezkuntza batzordeburua izan zen Larrañaga.
Lau urte geroago oposizioan egotea tokatu zitzaion, eta azken udal hauteskundeetan Getariako alkatetzarako zerrendaburu izatea eskaini zion alderdiak. «Pozez hartu nuen proposamena, eta alkate izateko ilusio handia nuen. Horregatik, pena eman zidan EAJ zerrendarik bozkatuena ez izateak. Dena dela, onartu beharra dago, getariarrek hartu baitzuten erabakia».
Osasu arazoak sendatu bitartean, herri politikatik at egoteko asmoa du Larrañagak. «Dena dela, alderdiko kideek badakite ni laguntzeko prest egongo naizela».