Harralde libre izatea helburu

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko ira. 9a, 07:15

Espainiako Auzitegi Gorenak Getariako Harralde taberna–eta beste ehundik gora– ixteko epaia berretsi zuenetik, bertako kideak egoera salatzeko buru-belarri lanean ari dira. Larunbatean Libre Eguna egingo dute herrian.

Harralde Kultur Elkarteko kideek larunbateko Getariako Libre Egunean parte hartzeko eskatu diete Getariako eta Urola Kostako herritarrei. (Harralde Kultur Elkartea) Gazteen, helduen eta adinekoen bilgune izan da hemeretzi urtetan Harralde taberna. Gizon zein emakume, Getariako ezker abertzaleko kideek auzolanean sortu zuten Harralde, eta ia bi hamarkadetan herritar askoren etxea eta belaunaldien arteko zubia izan da. «Harralde ez da izan ohiko taberna bat, ezta ohiko elkarte bat ere. Herriaren gizarte dinamikan eragiten saiatu gara eta, hein handi batean, lortu dugu. Bilerak, hitzaldiak, herri dinamikak, kontzertuak eta beste hainbeste antolatu dugu urte hauetan guztietan, beti herritar guztiei irekita», azaldu du Maitere Alkorta Harraldeko sortzaileetako batek. Horregatik, Espainiako Auzitegi Gorenak Hego Euskal Herriko 107 herriko taberna konfiskatzeko epaia berretsi zuenean, «garai zaharrak» etorri zitzaizkion gogora Alkortari. 107 herriko taberna horien artean da Getariako Harralde ere. «Azken urteetako jazarpenen ondoren, orain hau. Zer gehiago egin behar dugu?», galdegiten dio bere buruari Argizka Zulaikak. «Legea beren interesen arabera moldatzen dihardute azken urteetan, herritarren eskubideak zapalduz. Gainera, herriko tabernak konfiskatzeko agindua, epai politikoa izateaz gain, herritarrei egindako lapurreta ere bada, herritarrok gure xoxak jarri baititugu horiek sortzeko», uste dute Harraldeko kideek. Izan ere, kanpotik ikusten ez bada ere, herriko tabernak ixteak «kostu ekonomiko larria» eragingo duela nabarmendu nahi izan dute. «Herriko tabernetan lanean ari diren langileak lanik gabe geratuko dira, eta elkarteko bazkideek ere beren dirua galduko dute». Egoera salatzeko ekimenak Ederki gogoratzen dute bi emakumeek albistea jakin zuten eguna. Harralde ixteko berrespenaren berria herrian zabaltzen joan zen heinean, pixkanaka Harralden bilduz joan ziren Getariako ezker abertzaleko lagunak. «Injustiziaren aurrean» beren desadostasuna agertu nahi zuten, eta Harralderen aldeko ekitaldiak antolatzen hasi ziren. Lantaldea sortu zuten, getariarrei Harralderen egoeraren berri eman eta herritarren atxikimendua bilatzeko asmoz. Harralderen aldeko ekitaldiak antolatzen hasi zirenetik «herritarren erantzuna oso ona» izan dela nabarmendu dute, eta Harralderen hasiera etorri zaie gogora sortzaileei. Izan ere, «ilusioa eta proiektua aurrera ateratzeko grina» izan ziren Harralde sortzeko giltza. 90 eko hamarkadan Getariako Herri Batasunak komisioa zuen, eta bilgune zehatzik ez zutenez, ahal zuten tokian egiten zituzten bilerak. «Ikusi genuen elkartzeko toki bat behar genuela, eta herriko ezker abertzaleko kideok bildu eta norbere poltsikotik dirua jarrita Elkano kaleko etxetxo zahar-zahar bat erosi genuen», azaldu du Alkortak. Bertatik udal zinegotzien lana, ezker abertzaleko aldizkaria, propaganda eta alderdiko egitura bideratzen zuten. Baina, etxea erortzeko zorian zegoela ikusita eta garai horretan beste zenbait herritan herriko tabernak sortzen ari zirenez, Getariako ezker abertzaleak ere urratsa eman zuen. Arraindegia eraberrituta Elkano kaleko etxea saldu eta Harralde ireki zuten. «Lokala alokairuan hartu genuen. Lehen arraindegi bat zen, eta salerosketatik lortutako diruarekin taberna egokitzeko lanak egin genituen auzolanean. Pala eta pikatxoia hartuta hormak bota genituen, eta komunak, sukaldea eta elkartea eraiki genituen». Hasiera horretatik hemeretzi urte igaro dira, eta Harralde ixteko aginduak «ezker abertzalearen mugimendua ixildu beharrean indarberritu» egin behar duela uste dute Harraldeko kideek; ziklo berri bat abiatzeko beharra nabarmendu dute. «Oztopoak gaindituko ditugu eta aurrera jarraituko dugu. Harralderen sorreran bizi-bizirik zegoen auzolan eta izpiritu horrek berpiztu behar du. Horrela, oinarrizko baliabideak kendu arren, ezker abertzaleak tinko eutsiko dio». Alternatibak aurrera eramateko prest dira Harraldeko kideak: «Orain arte bezala, herritarrok erabakiko dugu zer nahi dugun. Izen berri bat, jende berri bat etorriko da, eta orain hemeretzi urte piztu genuen suziriaren lekukoa hartuko dute. Asko dago egiteko, baina gure esku dago Harralde bizirik izatea herri libre batean».

Larunbateko Libre Eguna babestu du Udalbatzak

Larunbatean Libre Eguna egingo dute Getarian, Harralde libre lelopean. Egun osoko jaiarekin Espainiako Auzitegi Gorenak Harralde eta beste 106 herriko taberna ixteko agindua salatu nahi dute, eta Harralde bizirik herri libre batean aldarrikatu. Egitarau zabala prestatu dute horretarako. Egun osoko jaia izango da, eta herri bazkaria ere egingo dute. Bertan parte hartu nahi dutenek txartelak salgai dituzte hurrengo tabernetan: Zarauzko Arranon, Getariako Harralden, Zumaiako Inpernupen, Azpeitiko Orkatzen eta Orioko Kolon Txikin. Entsalada, paella, postrea eta edariak bilduko ditu menuak. Herri bazkariko txartelak salgai egongo dira bihar arte. Udalbatzaren babesa Astelehenean Harralderen aldeko mozioa onartu zuen ahoz batez Getariako Udalbatzak, EH Bilduko eta EAJko zinegotzien babesarekin. Bertan, adierazi dute «gatazka politiko eta armatua gainditzeko garaia dela Euskal Herrian eta horrelako epai bidegabeek oztopoak jartzea eta sufrimendua luzatzea besterik ez dutela helburu». Getariako Udalbatza epaiaren aurka agertu da, eta elkartasuna agertu die kaltetuta sentitu diren elkarte, tabernako langile, bazkide eta auzipetuei. Ildo horretan, Getariako Udalbatzak irailaren 12rako antolatu duen Libre Eguna babestuko du. Asteleheneko udalbatzarraren amaieran Harralde Kultur Elkarteko kideek eskerrak eman zizkieten udal taldeei mozioaren inguruan adostasunera iristeko izan zuten jarreragatik; etorkizunean ere horrela izatea nahiko luketeela adierazi zuten. EGITARAUA – 10:00etan, txistularien goiz eresia. – 11:30ean, Urritzarekin haur jolasak. – 12:00etan, Inpernupeko Joareak. – 12:30ean, Herrikoen arteko erronka: Arrano, Harralde, Inpernupe eta Orkatz. – Ondoren, Getaiko trikitilariekin poteoa. – 14:45ean, herri bazkaria – Ondoren, bertso saioa. Jon Maiak, Uxue Alberdik, Jokin Urangak eta Mantxik parte hartuko dute. Gai jartzailea Xabi Aizpurua izango da. – 17:30ean, haurrentzat emanaldia. Brinko pailazoa eta Apaxi ipuin kontalaria. – 19:00etan, manifa eta ekitaldia. Joseba Permach eta Julen Zulaikak parte hartuko dute. – 22:00etan, kontzertua: Anestesia, Estricalla eta Perlak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide