Jendetza bildu zen atzo Getarian Salbatore Pilota Txapelketa ikusteko. (Kepa Iribar)
Atzo arratsaldean XVIII Salbatore Txapelketako finalak jokatu zituzten Getarian. Hiru partida izan ziren; kadete, gazte eta 22 urte azpikoen mailako finalak hain zuzen ere eta jendetza bildu zen norgehiagokak jarraitzeko asmoz. Txapelketako antolatzaile Segundo Alkortak adierazi duenez, "oso final onak izan ziren" eta "giro paregabea" sortu zen gainera. Txapelketaren historian bigarren aldiz Getariako bikote bat iritsi zen finalera, Aristik eta Zenekortak osatutakoa. "Bikote gaztea da eta finala irabazi ez bazuten ere, garrantzitsuena finaera iristea da, oso txapelketa ona egin baitute". Gainera, Alkortak gogorarazi du Getariako "pilotaleku zaila" dela pilotan jokatzeko eta gehienetan "partidari denbora luzez ondoen eusten dionak" irabazten duela partida.
Salbatore Pilota Txapelketa bukatuta elkarteko kideek atsedena hartuko dute irailera arte. Ikasturte berriarekin abiatuko dute denboraldi berria eta irailetik urtarrilera Urola Kosta mailako ligaxka jokatuko dute kadete, gazte eta 22 urte azpiko mailakoek.
EMAITZAK
Kadete maila
Aurrekoetxea eta Martitegi (Lemoa) 22 - Aristi eta Zenekorta (Getaria) 17
Gazte maila
Lazkanotegi eta Canabal (Bera Bidasoa) 15 - Iribarren eta Irurita (Iruña) 22
22 urte azpiko maila
Juaristi eta Juaristi (Azkoitia) 22 - Sarasti eta Iruretagoiena (Asteasu) 11