Pilotaz blai Salbatore jaietan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abuztuaren 4a

Salbatore Pilota Txapelketako antolatzaileak: Manu Etxabe, Segundo Alkorta eta Kristobal Etxaniz. (Aiora Larrañaga/Hitza) Uda garaian bete-betean sartuta, getariarrak Salbatore Deunaren jaien zain-zain daude. Bihar hasi eta igandera bitartean jai giroa, txapelketak, kontzertuak, haurrentzat jolasak eta beste hainbeste izango dira Getarian; tartean 18. aldiz egin den Salbatore Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte ostegunean, Salbatore Egunean. Hain zuzen ere, txapelketa antolatzen duen Gure Txeru Pilota Elkarteko kideak izango dira larunbatean jaiei emaiera emateko bandera jaitsiko dutenak. 18 urte igaro dira elkarteko kideek lehen aldiz txapelketa antolatu zutenetik, eta bizi-bizirik dago oraindik ere pilota norgehiagoka. «Zenbait urtetan Getarian Salbatore Egunean ez zen pilota partidarik izan, eta horri irtenbidea emateko antolatu genuen lehen aldiz txapelketa. Bide batez, pilotari gazteei partidak jokatzeko aukera eman nahi genien», azaldu du Segundo Alkorta elkarteko lehendakariak. Aurten 90 bikote lehian Lehen urteetan 40 bikote inguruk eman zuten izena, eta antolatzaileen iritziz «oso urte politak» izan ziren. Urtez urte txapelketa izena hartzen joan da pilotarien artean, eta parte-hartzaile kopurua handituz, zenbait urtetan 120 bikote inguru izatera iritsi arte. Azken urteetan beherakada txiki bat eman da, baina aurten ere 90 bikotek parte hartu dute lehian. Aurtengoa «neurri polita» dela uste dute. «Hiru hilabetetan zehar astean bitan jokatu dituzte partidak, eta ikuskizun polita ikusteko aukera izan da». Dena dela, 18 urtetan zehar txapelketa sasoian mantentzeko «boluntario lan handia» egin dute elkarteko kideek. «Gutxi gara taldean, eta pilota atsegin dutenak antolakutzan parte hartzera animatu nahi ditugu». Salbatore Pilota Txapelketa kadete, gazte eta 22 urtez azpikoen mailetan banatuta dago. «Euskal Herrian zehar gurea bezalako txapelketa ireki gutxi izaten dira, eta pilotariek oso ondo hartzen dute ezagutzera emateko aukera ematen baitie». Izan ere, pilotari gazteek txapelketetan maila ona ematen badute, beste hainbat txapelketa jokatzeko ateak irekitzen zaizkie. Txapelketa irekia bada ere, hainbat muga zehaztuta dituzte antolatzaileek. «Izena ematea guztiz irekia utziko bagenu askoz bikote gehiago animatuko liratezke», azaldu du Kristobal Etxaniz elkarteko kideak. Dena dela, oreka mantentze aldera maila bakoitzean elkarte bakoitzeko bikote batek eman dezake izena Getariako Salbatore Deunaren Txapelketan. Gazteek jendea mugitzen dutela uste dute antolatzaileek, eta azaldu dute «giro ederra» izaten dela. «Eguraldi ona egiten badu jendetza biltzen da frontoi inguruan. Pilotarien familiakoez eta lagunez gain, getariarrak eta bisitariak ere biltzen dira pilotalekuan, eta giro horrek pilotariak motibatu eta animatu egiten ditu» nabarmendu du Manu Etxabek. Txapelketaren egitaraua - Kadete mailan. Lemoako Aurrekoetxea eta Martitegi, Getariako Aristi eta Zenekortaren aurka. - Gazte maila. Bera Bidasoako Lazkanotegi eta Canabal Iruñako Iribarren eta Iruritaren aurka - 22 urte azpikoen mailan. Azkoitiko Juaristi eta Juaristi, Asteasuko Sarasti eta Iruretagoienaren aurka. SALBATORE JAIETAKO EGITARAUA Bihar, abuztuak 5, Gazteen Eguna 12:00etan, jaien hasiera. Haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik. Gero, Getariako buruhandiak eta Orioko erraldoiak, Gazte Alaiak txistulariekin. 12:00etan, Txosnen irekiera. Libe Goenaga eta Danel Olano bertsolariekin. Segidan, triki poteoa. 14:00etan, Euskal Selekzioaren aldeko XV. Mendi Martxari harrera eta ongi-etorria, Getariako txistulariekin. 14:30ean, gazteen herri bazkaria Harritarten. Jarraian, koadrilen arteko jolasak. 19:30ean, Elektrotxaranga, txosnagunetik abiatuta. 22:00etan, zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan. Oharra: zezensuzkoa ari den bitartean, antolatzaileak ez du izango gerta daitezkeen kalteen ardura. 23:00etan, Egan taldearekin erromeria, plazan. 00:00etan, Ikurrina igotzea, herriko abesbatza eta musika bandarekin. Ondoren, Eganekin dantzaldiaren jarraipena. 00:15ean, txosnetan, erromeria Alaiki taldearekin. Goizaldera, txokolatada txosnetan. Etzi, abuztuak 6, Salbatore Deunaren Eguna 09:30ean, Getariako Musika Bandarekin diana. 11:00etan, Getariako Abesbatzak meza nagusia abestuko du. 12:00etan, alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean. 12:30ean, Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten. 12:30ean, Gaztetxoen xakeko erakustaldia, Berdura Plazan. 17:30ean, txosnen irekiera. 17:30ean, Salbatore Deunaren XVIII. Pilota Txapelketako finalak, frontoian, Gure Txeruk antolatuta. 18:00etan, plazan Poxpolo ta Konpainia pailazoen emanaldia. 20:00etan, Alma Tapatia mariatxi taldearen kalejira. 23:00etan, Getariako Konpartsaren emanaldia 70eko hamarkada. Portua-Artzape-Kale Nagusia-Frontoia da ibilbidea. Koreografiak Isaak Aranberri- renak dira. Ondoren, Alma Tapatia mariatxi taldearen emanaldia, plazan. Abuztuak 7, ostirala, Ikurrinaren Eguna 11:00etan, III. Patata Tortilla Lehiaketa, frontoian. 12:30ean, ikurrina jartzeko ekitaldia, Gazte Alaiak txistulari taldeak eta Herriko Abesbatzak lagunduta. 16:00etan, mus txapelketa, txosnetan. 18:00etan, Gure Txeruren Haurren Danborrada. Ibilbidea : Balentziaga-Herrerieta-Plaza-Kale Nagusia-Artzape. 19:30ean, Txosnetatik abiatuta giza katea trikitilariekin. 20:00etan, txosnetan ekitaldia. 20:15ean, Freshcool, Tio Teronen semeak. Umorez betetako ikuskizun dantzatua egingo dute, frontoian. 22:00etan, zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan. Oharra: zezensuzkoa ari den bitartean, antolatzaileak ez du izango gerta daitezkeen kalteen ardura. 23:00etan, erromeria Joxe Mendizabalekin, plazan. 23:00etan, txosnetan, kontzertuak: Sba, Perlak eta Managaitz, besteak beste. Abuztuak 8, larunbata, Koadrilen Eguna 10:00etan, Koadrilen arteko XIX. Marmitako Txapelketaren hasiera izango da. Eguerdian, txosnagunean haurrei aurpegia margotuko diete Urritza Elkarteko kideek. 14:30ean, Harritarten, koadrilen arteko herri bazkaria Bazkalostean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearen saioa Harritarten. Ondoren, kantujira. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea. 17:30ean, txosnen irekiera. 22:30ean, txosnetan, Ska Gaua: Itziarren Semeak eta Skaleak. 00:00etan, Fan&Go erromeri-taldea, plazan. Abuztuak 9, igandea, Jan Festa Goizean goiz hasita, Eusko Labela duen txahala erreko dute frontoian. 09:30ean, Gazte Alaiak txistulariekin diana. 12:00etan, atun-jana eta sagardoa txotxetik, Berdura Plazan. Eguerdian, Getariako txistulariak kalez kale. 13:30ean, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsotan, herriko plazan, Getariako trikitilariek lagunduta. 17:30ean, txosnen irekiera. 19:00etan, Euskal Okelaren pintxo dastaketa frontoian. 18:00etatik 22:0etara, Kantugiro ETBko saioa, frontoian. 23:00etan, Diskofesta: Oihan Vegarekin, plazan. 00:00etan, herriko bandera jaitsiko dute Gure Txeruko Pilota Elkarteko kideek jaiei amaiera emateko, Getariako Musika Bandak lagunduta. Ondoren, Diskofestaren jarraipena. Txosnetan, Mozorro Festa, karaokea eta oka jokoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide