Dantzaz konpainiak ikuskizun bat eskainiko du gaur 22:00etatik aurrera Getarian Cristobal Balentziaga Museoan, 'Gorputza, soinekoa eta mugimendia' programaren barruan.
gauean dantzarako eskenatoki bihurtuko da Cristobal Balentziaga Museoa. Gorputza, soinekoa eta mugimendua gaia ardatz hartuta programa bat osatu du Getariako museoak, eta bertan hainbat lengoaia eta diziplina artistiko uztartuko dituzte, Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketaren osagarri.Datozen hilabeteetan egitasmoaren barruan hainbat proiektu garatuko dituzte, eta horietako bat da gaur Dantzaz konpainiak eskainiko duen emanaldia; dantza garaikideko bi pieza interpretatuko dituzte dantzariek, eta museoak erakusketa aretoak zabalduko ditu gaueko ordutegian, gauerdira arte, hain zuzen ere.
Balentziaga sortzaile eta jostunak hala esaten omen zuen: «Emakume bat oinez dabilenean, harekin batera dabil soinekoa. Dantza egiten duenean, soinekoak dantza egiten du». Saiora bertaratzen diren herritarrek aukera izango dute ikusteko gorputzaren eta mugimenduaren arteko erlazioak Balentziagarentzat zer garrantzia zuen. Horixe eskainiko du, hain zuzen, Dantzaz konpainiak bere ikuskizunarekin. Sentimenduak eta emozioak lotzen dituzten bi pieza garaikide eskainiko dituzte dantzariek gaur gauean. Alde batetik, Chameleon izenekoa. Bertan bost dantzarik aulkien inguruan dantza egingo dute, altzari horiek beren gorputzaren parte bihurtuz.
Bestetik, Few Brief Sequences obrak maitemindutako bikoteen barneko asaldura zein limurtzeko ahalmena islatuko ditu Jordi Savalen biolaren musika hutsez lagunduta. Eszena laburrez osatutako obra da, eta antolatzaileek zehaztu dute «musika barrokoak giro ezin hobea» ematen dietela hiru bikoteren maitasunezko jolasei.
Gaur gaueko dantza emanaldiaz gozatu nahi duten herritarrek sarrerak eskuragarri dituzte internetez 13 eurotan, eta emanaldiaren aurretik leihatilan 15 eurotan.
Argibide gehiago jasotzeko 943-00 88 40 telefono zenbakira hots egin edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzi dezakete herritarrek, eta beren zalantzak argituko dituzte.