Orain arrantzaleek etiketatuko dute hegaluzea Eusko Label markarekin

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 30a

Uztailaren erdialdean abiatu zuten arrantzaleek hegaluzearen kanpaina, eta hasiera ona izan du. Izan ere, datuen arabera, harrapatutako hegaluze kiloak eta kiloko ordaindutako prezioa aurreko urtekoak baino hobexeagoak dira. Hala ere, Getariako Kofradi...

Uztailaren erdialdean abiatu zuten arrantzaleek hegaluzearen kanpaina, eta hasiera ona izan du. Izan ere, datuen arabera, harrapatutako hegaluze kiloak eta kiloko ordaindutako prezioa aurreko urtekoak baino hobexeagoak dira. Hala ere, Getariako Kofradiatik azaldu dutenez, aurreko urteetan ere uztailean ondo harrapatu izan dute, «abuztua eta iraila izaten dira apalagoak. Dagoeneko hegaluzea sartu da Bizkaiko Golkoan eta arrantzaleak ondo arrantzatzen ari dira. Ea abuztuan eta iralean ere horrela jarraitzen dugun».

Eusko Jaurlaritzak babestu egin nahi du euskal arrantza sektorea, eta zenbait oztopo gainditzeko neurriak hartu dituztela azaldu du Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak. «Euskal arrantzaleak behin eta berriz salatzen ari dira kanpotik arrain asko sartzen ari dela gure merkatuan, eta batzuetan hemengoa balitz moduan saltzen dutela, prezio baxuan». Horrek Euskadiko «arrantza sektoreari kalte» egiten diola uste du Eusko Jaurlaritzak, eta horren aurrean beharrezkoa ikusten du hegaluzea bertakoa dela azaltzen duen etiketarekin merkaturatzea.

Etiketatuan berrikuntzak

Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako hegaluze portzentaia handiagoa izan dadin, berrikuntza bat sartu dute aurten. Arrantzaleek hartu dute beren gain arraina identifikatzeko lana. Getariako Elkano Kofradiatik zehaztu dute orain arte Eusko Label bereizgarriak hainbat langile kontratatzen zituela hegaluzea portuan deskargatzen zenean etiketatzeko. Orain sistema aldatu dute, eta itsasontzi bakoitza arduratzen da arrantzatutako hegaluzea etiketatzeaz. «Normalean itsasoan etiketatzeko denborarik ez dute izaten arrantzaleek, eta lehorreratzen direnean etiketatzen dute. Portuan identifikazio prozesua modu egokian egin dela ikuskatzen duen koordinatzaileak egoten dira», zehaztu dute.

Euskadiko arrantzontziek sistema tradizionala erabiliz arrantzatzen dute, banan-banan eta sarerik gabe, kainaberaz. «Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkorasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute», zehaztu dute Eusko Jaurlaritzatik. Beraz, hegaluze garaian bete-betean murgilduta egonik, Eusko Labela duen hegaluzea kontsumitzera deitu dituzte herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide