Nika Lertxundi alkateari beharrezkoa iruditzen zaio lehenik eta behin «etorkizunean nolako portua nahi den hausnartzea», eta hortik abiatuta porturako plan estrategiko bat sortzea.
Getariako portuko hainbat eraikin eta elementu birgaitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, eta horretarako proiektu bat lantzen ari dira Europako Batasunean aurkezteko. Azken asteetan Euskadiko arrantza eta kirol portuak bisitatzen ari dira Ana Oregi sailburua eta Almudena Ruiz de Angulo Garraio Azpiegituren zuzendaria, eta tokian tokiko arazoak aztertzen ari dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren asmoa, Euskadiko portuetako azpiegitura guztiak hobetzea da. Halaber, lanak banaka aurkeztu beharrean proiektu bateratu batean aurkeztu nahi dituzte.Pasa den astean eskualdean izan ziren. Zumaian eta Getarian, hain zuzen ere.
Zumaian, esaterako, kanpoko kaimuturreko harri-lubeta indartzea proposatu dute, eta Talaipe jatetxea zegoen lokala birgaitzea aztertzen ari dira.
Getarian, berriz, Arrantzaleen Kofradiaren eraikina berritzea eta Getariako izotz frabrika konpontzea proposatu dute. Izan ere, azken horrek etxaurrean korrosio-arazo larriak dituela nabarmendu dute. Erretiratuen eta profesionalen pantalanak berritzea ere proposatzen dute, bertako zolua kaltetuta baitago.
Getariako alkate Nika Lertxundiren iritziz, eraikinak berritzen hasi aurretik beharrezkoa da «etorkizunari begira nolako portua nahi dugun eraba- kitzeko lanketa bat egitea», eta bertako emaitzen arabera porturako plan estrategiko bat sortzea. «Ikuspegi bera dute Eusko Jaurlaritzako kideek ere, eta gure laguntza eskaini diegu behar dutenerako. Izan ere, portuko eraikin asko zaharkituta daude, baina alferrik da berritzea bertan zer egin nahi dugun ez badakigu», iritzi dio Lertxundik.
Gainera, alkateak adierazi duenez, egungo araudiak mugatu egiten du portuko eraikinetan eskaini daitekeen zerbitzu mota.