Dantzaz konpainiak ostiralean emanaldia eskainiko du Cristobal Balentziaga Museoan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 28a

  Few Brief Sequences obrako sekuentzia bat. (Dantzaz konpainia) Ostiralean dantzarako eskenatoki bihurtuko da Cristobal Balentziaga Museoa. Gorputza, soinekoa eta mugimendua gaia ardatz hartuta programa osatu du Getariako museoak eta bertan hainbat lengoaia eta diziplina artistiko uztartuko dituzte Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketaren osagarri. Datozen hilabeteetan ekimenaren baitan hainbat proiektu garatuko dituzte eta horietako bat da ostiralean Dantzaz konpainiak eskainiko duen emanaldia; dantza garaikideko bi pieza interpretatuko dituzte dantzariek eta museoak erakusketa aretoak zabalduko ditu gaueko ordutegian. "Emakume bat ibiltzean, harekin batera dabil soinekoa. Dantza egiten duenean, soinekoak dantza egiten du" esaten zuen Balentziaga sortzaile eta jostun handiak eta Dantzaz konpainiaren emanaldiarekin jantziaren, gorputzaren eta mugimenduaren arteko erlazioak Balentziagarentzat zer garrantzi zuen ikusteko aukera izango dute saiora bertaratzen direnek. Sentimenduak eta emozioak lotzen dituzten bi pieza garaikide eskainiko dituzte dantzariek ostiralean. Alde batetik, Chameleon izenekoa. Bertan bost dantzarik aulkien inguruan dantza egingo dute, altzari horiek beren gorputzaren parte bihurtuz. Bestetik, Few Brief Sequences obrak maitemindutako bikoteen barneko asaldura zein limurtzeko ahalmena islatuko ditu Jordi Savalen zango-biolaren musika hutsez lagunduta. Dantza emanaldiaz gozatu nahi dutenek sarrerak eskuragarri dituzte internetez 13 eurotan eta lehiatilan 15 eurotan. Argibide gehiago jasotzeko 943-008840 telefono zenbakira hots egin edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzi dezakete herritarrek beren zalantzak azalduz.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide