Getariarrak Harralderen aldeko giza-kate naranjan. (Onintza Lete Arrieta)
Harralde tabernak uztailaren 31n, ostiral honetan, 19 urte beteko ditu, eta urteurrenaren harira, ostiral eguerdirako hainbat ekitaldi prestatu dituzte Harraldeko kideek. Urteurren «berezia» dela uste dute. Hala azaldu dute ohar bidez: «Espainiar estatuak herrian errotuta dagoen Harralde elkartearen aurka jo eta berau ixtea erabaki du. Duela hamarkada batzuk frankistek egin zuten bezala, orain berriz ere, estatu espainiarrak mugimendu politiko baten elkarteak lapurtzeko erabakia hartu du, tartean Harralde».
Urteurrena ospatu eta egoera salatzeko antolatu dute egitaraua. 11:30ean abiatuko dituzte ekitaldiak. Batetik, pare bat mural margotuko dituzte Getariako bi artistek; emakumezko bat eta gizonezko bat aukeratu dituzte eta beraientzat Harraldek esan nahi duena azalduko dute muraletan. Bestetik, poesia musikatua errezitatuko du Amaia Lasa poeta getariarrak flautaren musikaz lagunduta. Horretaz gain, Harralderen ibilbidea azalduko du getariar batek hitzaldi motz batean. Eta amaitzeko, hainbat lagunek hamaiketakoa prestatuko dute eta bertaratzen direnen artean banatuko dute; trikiti hotsez alaituko dute giroa. «Gure asmoa, ondoren herrian barrena trikitilariekin buelta bat ematea da», esan dute.
Ekitaldi guztiak Harralde tabernaren aurrean egingo dituzte.
Getariarren babesa
Getariarrak eta bisitariak urteurren jaian parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek. «Harralde herritik eta herriarentzat sortutako proiektua izan da hasieratik, eta horrelako eraso bati aurre egin eta orain arteko bidea jarraitzeko herritarren babesa behar dugu», azaldu dute kideek.
Helburu jakin batzuekin ireki zuten orain dela ia bi hamarkada Harralde. «Alde batetik, gure inguru politikoa bizkortu, sendotu eta garatzeko bitartekoak eta giroa sortu nahi genuen herrian». Bestetik, kirol eta aisialdi jarduerak eta ekitaldi politiko, kultural, eta gastronomikoak antolatzeko tresna izatea ere nahi zuten. Gainera, beste elkarte edo erakundeekin elkarlana sustatzea ere bazen helburua.
19 urte geroago, «hasierako helburuak bete» dituztela uste dute elkarteko kideek, eta orain arte bezala jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. «Harralde ixteko epaia berretsi dutenetik herritarrengandik babes handia jaso dugu. Azken asteetan antolatu ditugun antzezlan eta kontzertuetan jendetza bildu da. Ostiraleko antzezlanean, esaterako, jendea sartu ezinik geratu zen, barruan izanik toki mugatua zegoelako». Horretaz gain, elkartasun mezu ugari jaso dituzte, eta «getariar askok adierazi digute laguntzeko prest daudela».