KAE 1 Ligako jaun eta jabe da Getaria

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko uzt. 24a, 00:00

Hiru bandera irabazi dituzte, eta gainontzeko estropadetan lehen lau postuetan sailkatu dira. Gorka Etxeberria entrenatzailea oso gustura dago taldearen errendimenduarekin.Iazko bidea jarraituz, ederki abiatu du estropada denboraldia Getariako gizonezk...

Hiru bandera irabazi dituzte, eta gainontzeko estropadetan lehen lau postuetan sailkatu dira. Gorka Etxeberria entrenatzailea oso gustura dago taldearen errendimenduarekin.

Iazko bidea jarraituz, ederki abiatu du estropada denboraldia Getariako gizonezkoen traineruak, eta liderra da KAE 1 Ligan. Hiru bandera irabazi dituzte, eta gainontzeko estropadetan lehen lau postuetan sailkatu dira. Erregulartasuna emaitza ona ematen ari zaio Getariako traineruari, eta Gorka Etxeberria entrenatzailearen iritziz, «irabaztea bezain garrantzitsua da hutsik ez egitea». Horregatik, estropadaz estropada lan egiten ari dira.

Azken bi estropadetan ez dute banderarik irabazi. Entrenatzaileak argi du lehen sei taldeen artean «parekotasun handia» dagoela, eta «hainbat kanpo faktorek» eragina izaten dutela. «Itsasoak, estropada eremuan tokatutako kaleak eta haizeak zuzenean eragiten dute. Gainera, asteburu guztiak ez dira berdinak, gorputzak ez dira makinak, eta batzuetan besteetan baino hobeto egoten gara. Arrau- naren gorabeherak dira, eta onartu egin behar da».

Eguneroko lana gakoa

Gorka Etxeberriarentzat denboraldiari hasiera ona ematea garrantzitsua da, uda aurrera joan ahala lasaiago ibiltzen laguntzen baitu. «Hutsegite gutxien egin duen taldea gara, eta horrek besteekiko puntu abantaila eman digu. Alde txiki horrek burua lasaiago izaten laguntzen du, eta egunerokoan lasaiago ibiltzen». Dena dela, uste du ez dela konfiatu behar, gehiegi lasaituz gero sustoren bat hartu baitaiteke. «Deustok, esaterako, larunbatean bandera irabazi zuen, eta igandean seigarren egin zuen. Egun batetik bestera ez dira txartu, baina erne ibili behar da, tentsioa galdu gabe».

Oro har, entrenatzailea «oso gustura» dago taldea izaten ari den errendimenduarekin, baina uste du «oraindik hobetzeko aukera» badutela. Denboraldia luzea izaten da, eta burua lasai eta bere tokian eduki eta estropada eta entrenamendu guztietan erne ibiltzea garrantzitsua dela pentsatzen du. «Entrenamenduetan ondo aritzen ez bagara, asteburuko estropadetan ez da emaitzarik lortzen; eguneroko lana da gakoa».

Etxeberriak uste du «bide onean» dagoela taldea, baina iazko denboraldiarekin alderatuta, ikusten du desberdintasunik: «Lehia estua dago, eta estropadaz estropada ikusi da lan ona egiten duenak bandera irabazi dezakeela».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide