EAJk gobernutik baino, oposiziotik jardun nahi du

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 17a

Getariako Udalean ere erabaki dituzte udal batzordeak eta udaleko agintarien ordainsariak. Joan den uztailaren 7an egindako ezohiko udalbatzarrean erabaki zuten. Udal batzordeak zazpi izango dira, eta guztiak EH Bilduren esku egongo dira, EAJk uko egin...

Getariako Udalean ere erabaki dituzte udal batzordeak eta udaleko agintarien ordainsariak. Joan den uztailaren 7an egindako ezohiko udalbatzarrean erabaki zuten. Udal batzordeak zazpi izango dira, eta guztiak EH Bilduren esku egongo dira, EAJk uko egin baitio koalizioak egindako bi batzorderen ardura hartzeko eskaintzari. Getariako Udalean EH Bilduk zazpi hautetsi ditu, eta EAJk lau.

«Elkarren artean harreman gehiago eta hobea izateko EAJri batzordeak hartzeko eskaintza egin genion, uste dugulako denok eman behar ditugula horretarako pausoak, baina uko egin diote», azaldu du Nika Lertxundi (EH Bildu) Getariako alkateak. «Ezezkoa eman dugu, geure burua oposizioan ikusten dugulako. Gure asmoa oposizio arduratsu bat egitea da, gauzak ondo egiten direla bermatuz. Hala ere, orain arte bezala guk gure ekarpenak egiten jarraituko dugu», esan du EAJko zinegotzi Uxoa Larrañagak. Horregatik, udal batzordeak eta batzordeburuak erabakitzeko garaian EAJkoak abstenitu egin ziren, eta EH Bildukoen botoekin onartuta gelditu ziren.

Uemako ordezkariari uko

Udalak parte hartzen duen beste erakundeetako ordezkariak ere aukeratu dituzte. Kasu honetan, Urola Kostako Udal Elkartean eta Ueman dagokio ordezkariak izatea EAJri; baina, Uemarako euren alderditik ordezkaririk ez hautatzea erabaki dute jeltzaleek, hala esan du Larrañagak: «Gu Uemarekin beti kritikoak izan gara, eta nahiz eta bertan ordezkari bat dagokigun, ez dugu inor izendatu». Kasu honetan ere abstenitu egin ziren EAJkoak.

Gainontzeko udalbatzarreko puntu guztiak aho batez onartu zituzten. Eta, besteak beste, ohiko udalbatzarrak bi hiletik behin, eta azken asteko asteazkenetan, 19:00etan egitea lehenetsi zuten. Datorrena irailaren 30ean litzateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide