Getariako Marmitako Txapelketan izena emateko epea datorren astelehenean irekiko dute

Getariako Hitza 2015ko uzt. 17a, 07:30

Marmitako Txapelketa egingo dute abuztuaren 8an, Salbatore Jaien barruan. (Onintza Lete/Arrieta) Salbatore Jaiak gertu dira eta festen barruan antolatuko dituzten txapelketetan izena emateko epea laster irekiko dute. Abuztuaren 8rako, larunbaterako esaterako koadrilen arteko XIX. Marmitako Lehiaketa antolatuko dute. Urtero bezala goizean bilduko dira parte-hartzaileak, 09:15erako denek plazan egon beharko dute. Bertan leku zozketa egingo dute eta erabili beharreko osagaiak, sua eta lapikoa banatuko dizkiete antolatzaileek parte-hartzaileei eta 10:00etan abiatuko dute lehiaketa. Bikote bakoitzak gutxienez 20 lagunentzat marmitakoa egin beharko du. 13:00etan su guztiak itzaliko dira eta 13:15ak epaimahaiak marmitakoak dastatuko ditu eta irabazlea aukeratuko ditu. Txapelketan izena eman nahi dutenek uztailaren 20tik 24ra, datorren astelehenetik ostiralera eman beharko dute izena. Gehienezko parte-hartzaile kopurua 38 bikotekoa da eta hilaren 27an, parte-hartzaileen artean zozketa egingo da, iazko saridunak eta zozketatik kanpo izan ez zirenak zuzenean sartuko dira txapelketan. Eguerdirako bazkaltzeko 600 lagunentzat lekua egokituko dute antoltzaileek eta uztailaren 28tik abuztuaren 3ra bitartean bazkaltzeko kide kopurua zehaztu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide