Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Getariako Udaleko batzordeak eta ordainsariak erabaki dituzte
Getariako Udalean ere erabaki dituzte udal batzordeak eta udaleko agintarien ordainsariak. Joan den uztailaren 7an egindako ezohiko udalbatzarrean erabaki zuten. Udal batzordeak zazpi izango dira, eta guztiak EH Bilduren esku egongo dira, EAJk uko egin baitio koalizioak egindako bi batzorderen ardura hartzeko eskaintzari. Getariako Udalean EH Bilduk zazpi hautetsi ditu eta EAJk lau.
«Elkarren artean harreman gehiago eta hobea izateko EAJri batzordeak hartzeko eskaintza egin genion, uste dugulako denok eman behar ditugula horretarako pausoak, baina uko egin diote», azaldu du Nika Lertxundi (EH Bildu) Getariako alkateak. «Ezezkoa eman dugu, gure burua oposizioan ikusten dugulako. Gure asmoa oposizio arduratsu bat egitea da, gauzak ondo egiten direla bermatuz. Hala ere, orain arte bezala guk gure ekarpenak egiten jarraituko dugu», dio EAJko zinegotzi Uxoa Larrañagak. Horregatik udal batzordeak eta batzordeburuak erabakitzeko garaian EAJkoak abstenitu egin ziren, eta EH Bildukoen botoekin onartuta gelditu ziren.
UEMAko ordezkariari uko
Udalak parte hartzen duen beste erakundeetako ordezkariak ere aukeratu dituzte. Kasu honetan, Urola Kostako Udal Elkartean eta UEMAn dagokio ordezkariak izatea EAJri; baina, UEMArako euren alderditik ordezkaririk ez hautatzea erabaki dute jeltzaleek, hala esan du Larrañagak: «Gu UEMArekin beti kritikoak izan gara, eta nahiz eta bertan ordezkari bat dagokigun ez dugu inor izendatu». Kasu honetan ere abstenitu egin ziren EAJkoak.
Gainontzeko udalbatzarreko puntu guztiak aho batez onartu zituzten. Eta, besteak beste, ohiko udalbatzarrak bi hiletik behin, eta azken asteko asteazkenetan, 19:00etan egitea lehenetsi dute. Datorrena irailaren 30ean litzateke.
Getariako Udalaren osaketa
BATZORDEAK- Euskara eta kultura. Batzordeburua Amets Etxabe.
- Hezkuntza eta kirola. Burua Arantzazu Agirrezabala.
- Ongizatea. Begoña Garate da batzordeburua.
- Parte-hartzea eta gazteria. Ibon Gereka da batzordeburua.
- Hirigintza. Nika Lertxundi buru dela.
- Turismoa. Nika Lertxundi.
- Ogasuna eta kontuak. Batzordeburua Iker Azkue da.
ORDAINSARIAK- Alkatearena. Jardun osoz ariko da Nika Lertxundi alkate, eta aurreko agintaldiko ordainsaria mantenduko du, Udalhitz-eko 19. mailari dagokiona hain zuzen ere. Urteko soldata gordina 43.032,64 eurokoa du; hileroko garbia, 2.221,87 euro (PFEZ %18ko atxikitzearekin).
- Udal taldeak. Udal talde bakoitzak urteko 500 euro jasoko ditu. Guztira urteko gastua 1.000 eurokoa da.
- Zinegotzi bakoitza. Zinegotzi bakoitzeko 110 euro hileko da ordaina. Urteko gastua 14.520 euro da.
- Batzordeburu bakoitza. Batzordeburu bakoitzeko ordaina 110 euro da urteko. 770 euro urteko gastua da udalarentzako.