Denboraldiko hirugarren bandera erdietsi du asteburuan Getariako Esperantzak. KAE 1 ligako lehen bi estropadak irabazi ondoren, goiko postuetan ibili da, baina trapurik ez du lortu ordutik. Larunbatera arte. Izan ere, berriz garaipen batekin bukatu zuten estropada getariarrek, Donostiako Kaiarriba Banderan nagusituta: lehen ziabogan hirugarren sartu baziren ere, Lekittarra eta Ondarroari aurrea hartzea lortu zuen bigarren itzulian, eta handik aurrera buruan joan zen estropada osoan.
Zumaiak ere ohorezko txandan jokatu zuen, baina ez zuen bere saiorik onena egin, eta seigarren bukatu zuen. Ligako sailkapen orokorrean Getariak jarraitzen du lider, 56 punturekin, eta Zumaia hirugarrena da 47 punturekin; Ondarroa bigarren postuan dago kokatuta, 49 punturekin.
Gipuzkoako Txapelketa
Bestetik, gaur 18:30etik aurrera Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Orioko, Getariako, Zumaiako eta Zarauzko gizonezkoen eta emakumezkoen traineruek, Donostiako uretan.